Lehiakortasuna eta berrikuntzak areagotu txikizkako merkataritza bultzatzeko asmoz

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 30a, 19:29

Arg: navarracapital.es

Hamaika lan-ildo eta 37 ekintza biltzen dira Nafarroako Gobernuak prestatu duen 2017-2020 planaren zirriborroan.

Manuel Ayerdik, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak, Nafarroako txikizkako merkataritza hurbila bultzatzeko 2017-2020 planaren zirriborroa aurkeztu du gaur goizean prentsaurrekoan. Nafarroako Gobernuaren helburua sektore horretan lehiakortasuna hobetzea, berrikuntza bideratzea eta negozio berriak abian jartzea da.

Gainera, Garapen Ekonomikorako departamentuaren xedea sektore horretan enpresen lankidetza sustatzea eta administrazio publikoen, Gobernuaren beraren eta tokiko erakundeen partaidetza hobetzea da, Nafarroako txikizkako merkataritza sustatzen dutenean.

2020. urtean planaren emaitza ebaluatzeko, Nafarroako Gobernuak 8 adierazle prestatu ditu, eta horien artean nabarmentzen dira enpresen asoziazionismo-mailaren igoera, % 30etik % 40ra; merkataritzaren online salmentaren igoera, % 9tik % 15era, eta 10 dinamizazio eta merkataritza garapenerako udal plan egitea.

Ayerdi lehendakariordearekin batera Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusi Maitena Ezkutari ere izan da, eta aurkeztutako planak, 11 lan-ildo eta 37 ekintza barne hartzen ditu hiru urte hauetan garatzeko.

Nafarroako txikizkako merkataritza hurbila bultzatzeko 2017-2020 Planaren zirriborroan sektoreko eragileek, adituek eta merkataritza-elkarteek parte hartu dute. Zirriborro hori Iruñeko Merkataritzaren Mahaian ere aurkeztuko da, eta eremuan, eta hor, interesa duten eragile, merkatari, tokiko erakunde eta bestelakoek ekarpenak egin ahalko dituzte. Horrez gain, datorren hilean, Gobernu Irekiaren webgunean ere ekarpenak egin ahalko dira.

 

 

Merkataritza-jardueraren diagnostikoa

Merkataritza-jarduerak Nafarroan Foru Komunitateko balio erantsi gordinaren % 8,7 ekarri du azken bost urteetan. Hala ere, zehaztu behar da datu horiek handizkako nahiz txikizkako merkataritzari eta ibilgailu motordunen konponketari buruzkoak direla. Sektore horiek, zerbitzuen sektoreko lanpostuen % 18,8 ekartzen dute, 35.185 enplegurekin, eta Nafarroako lan-merkatuaren % 12,7, 2015eko datuen arabera.

DIRCEren datuen arabera dagoen azken informazioa kontuan hartuz, mota horretako azterketa konparatiboak egiteko iturririk egokiena dena, Nafarroan txikizkako merkataritzako 6.480 enpresa daude, eta 2012ko % 3 handitu da, hala ere, bilakaera desberdina izan da jardueraren azpisektorearen arabera.

Horrela, establezimendurik eta salmenta-posturik gabeko enpresak dira azken bost urte hauetan igoerarik handiena izan dutenak, % 22,1eko igoerarekin.

Datu horrek, online eta katalogoko salmentaren ezarpen handia adierazten du azken urte hauetan.

Enpresen tamainari dagokionez, saltokien % 96k bost langile edo bost baino gutxiago dituzte. Nagusiki langilerik gabeko enpresak nabarmentzen dira, kasuen % 48,2an.

Horien atzetik, langile bateko edo biko enpresak daude (% 37,3) eta hiru eta bost langile artekoak (% 10,8). Bost langile baino gehiago dituzten enpresa gutxi dauden: % 3,7.

Kokapenari dagokionez, merkataritza-establezimenduen % 93 isolatuta daude, hau da, hiriguneko merkataritza-lokaletan, hiri inguruan, industrialdeetan eta abar. % 4 inguru merkataritza-azalera handietan daude, eta % 2 baino gehiago udal merkatuetan.

Datuak eremu geografikoaren arabera aztertzen badira, ia harreman bera dago biztanleriaren eta merkataritza-jardueraren artean. Horrela, Iruñerrian, Nafarroan merkataritza-establezimenduen % 55a dago (gogoratu behar da Foru Komunitateko biztanleen % 55,5 biltzen duela), eta Pirinioetako eremuan, establezimenduen %2ra heltzen da (biztanleriaren % 2,4).

Plan horrekin, garrantzi handiko bi alderdi aztertu dira. Tokiko erakundeei inkestak egin zaizkie merkataritza-garapenean duten inplikazioarengatik, eta merkataritza-jardueraren inguruko ezjakintasuna eta merkataritza-plangintza eskasa adierazten dute.

Halaber, prestakuntza-eskaintza aztertu da, eta prestakuntza arautua eskasa dela, eta ez arautua garrantzitsua dela baina sektoreko ordutegi eta beharretara gutxi egokituta dagoela ondorioztatu da.

Hori da hain zuzen merkataritza-prestakuntzaren arrakasta eskasa izatearen arrazoia.

Ohiturak, gastuak ihes egitea eta Internet bidez erostea

Plan hau egiteko erosketa-ohiturei buruz egindako inkesta baten arabera, Nafarroako herritarren % 83k normalean bertako saltokietan erosten dute. Hurbiltasuna (erantzunen % 55,58) eta eskaintza osoa egotea (% 18,22) dira inkesta egindako pertsonek emandako arrazoi nagusiak.

Horren aurrean, biztanleen % 17k ez du erosten ohiko saltokietan. Ehuneko horrek gora egiten du Erriberagoitian (% 23) eta Pirinioetan (% 19).

Adierazitako arrazoien artean daude eskaintza eskasa edo sakabanatua (erantzunen % 38,39), kalitate-prezio erlazio txarra (% 13,39) eta urruntasuna (% 11,61).

Nafarroako herritarrek egiten duten gastuaren % 36 inguru ez da bere eskualdean egiten, Internet bidez egiten diren erosketengatik batik bat. Datu hori eremu geografikoen arabera aztertzen bada, beren eremutik kanpo gastu handiagoa duten eremuak dira Pirinioak, % 51,44rekin, eta Erriberagoiti, % 45ekin. Bestalde, Tuterako (% 19,65) eta Ipar-mendebaldeko (%35,24) eremuak, gastu-ihesik txikiena duten eremuak dira bere eskualdearen barruan.

Aurreratu denez, Nafarroako familien % 30 inguruk online erosketak egiten dituzte azken urtean. Lizarrako eta Pirinioetako eremuak dira, % 37,50arekin, Internet bidez erosketa gehien egiten dituzten eremuak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!