Nafarroako Gobernuak gaurko saioan erabaki du Nafarroako administrazio publikoetan, erakunde publikoetan eta mendeko zuzenbide publikoko entitateetan euskara erabiltzeko foru dekreturako proposamena aintzat hartzea. Halaber, Nafarroako Kontseilura igortzea erabaki du, hark irizpena eman dezan. Dekretu honekin, "herritarrek administrazio publikoekiko harremanetan euskara erabiltzeko duten eskubidea arautu eta bermatu" nahi dutela nabarmendu du Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok. Arau berriak, baina, ez du zonifikazioa ezabatuko: "Dekretu batek ezin du lege bat indargabetu, eta momentuz, Euskararen Legea aldatzeko nahikoa babesik ez dugu. Hortaz, dekretu hau zonifikazioak ezarritako terminoetan egin dugu, eta toki entitateen eskumenak errespetatuz, betiere".
Ana Ollok ezinbestekotzat jo du administrazioaren euskalduntzean aurrera egitea, "Nafarroan diren 80.000tik gora euskaldunei administraziotik eman behar zaien erantzunari dagokionez, gaur egun, 148 langile publikok baino ez baitituzte atenditzen". Zehazki, Kultura Departamentuan diren 379 langile publikoetatik bi besterik ez dira euskaldunak; Turismo eta Ogasun departamentuetan ez dago euskarazko postu bakar bat ere; eta Nafarroako Ospitale Guneko 6.142 lanpostuen artean, euskara eskakizuna da erizain postu bakar batean.
Gobernuak emandako datuen arabera, 3.500 funtzionario baino gehiago euskaldundu dira azken urteetan Nafarroako Gobernuko euskaltegian, eta horietatik, milak baino gehiagok lortu dituzte B2 edo C1 gaitasun tituluak. "Lantalde kualifikatua dugu herritarrekiko arreta ele biz eskaintzen hasteko", esan du kontseilariak.
Kontseilariaren hitzetan, proiektua “posibilista da, indarrean den araudiaren baitan” eta indargunea herritarrengan eta herritarren hizkuntza eskubideen errespetuan ezartzen du, aldi berean bermatzen dituelarik herritarren eskubideak eta langile publikoek eskuratutako eskubideak. Era berean, dekretua prestatu da toki entitateen eskumenak errespetatuz.
Etorkizuneko lan eskaintza publikoei dagokienez, departamentu bakoitzak zehaztu beharko du ele biko lanpostuak zeintzuk diren —urtebeteko epea dute horretarako—; besteak beste, herritarrekiko arreta zuzenean oinarritutakoak, eta ahoz eta idatziz informazioa eman behar dutenenak lehenetsiko dituzte. Euskara eskakizun izanen da lanpostu horietan, eta, dekretuaren proposamenean zehazten denez, "kopuruz nahikoak" izanen dira, herritarren eskubideak bermatze aldera.
Hala ere, gaur egun jardunean diren funtzionarioen eskubideak bermatuko dituztela ziurtatu du Ollok: "Euskarazko prestakuntza jardueretan beren borondatez parte hartzeko aukera eskainiko zaie horiei, eta, bestela ere, euskarazko zerbitzua bermatua egonen da talde bereko beste langileekin".