Ainhoa Aznarezek Nafarroako Parlamentuaren konpromisoa berretsi du "hizkuntza-aniztasunaren errespetuaren eta bereizkeriarik gabeko politika eraginkorraren alde"
Nafarroako Parlamentuan Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa aurkeztu dute gaur. Euskaltzaindiak sustatu du obra hori eta Foru Parlamentuaren, Eusko Legebiltzarraren eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako batzar nagusien laguntza jaso du.
Ainhoa Aznarezek eman dio hasiera ekitaldiari. Bere hitzaldian goraipatu egin du Euskaltzaindiak bere ibilbidean egindako “zaintza lana, ikerketa eta lege gramatikalen garapena”, eta erakunde horri eskerrak eman dizkio “hitz eta enuntziatuak biltzeko lan zehatza dagoelako gaur plazaratzen dugun hiztegi parlamentarioaren azpian”.
Ildo beretik, “hizkuntzaren bitartez gure kultura sendotzen lagunduko duten” elkarlan gehiago sustatzera animatu ondoren, lehendakariak agerian jarri du Nafarroako Parlamentuak konpromisoa daukala “hizkuntza aniztasunaren errespetuaren alde, halaxe eskatzen baitu Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak, bereizkeriarik ezaren printzipioan oinarrituta”.
Hain zuzen, “hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak babestera” jotzen duten Europako politikekin bat etorriz, Ainhoa Aznarezek “hainbat faktore eta omisio-maniobra” aipatu ditu, “euskararen atzerakada geografiko eta funtzionala eragin dutenak, ezin baita inola ere berezkotzat hartu atzerakada hori”.
Bukatzeko, Ainhoa Aznarezek berriz esan du Nafarroako Parlamentua prest dagoela “behar adina lege-egokitzapen bultzatzeko, horrela, hizkuntza politika eraginkorraren eskutik, euskara, EAEko eta Iparraldeko auzoekin batera dugun altxor handienetakoa, sustatu eta normalizatzeko eta haren diskriminazioari buelta emateko”.
Andrés Iñigok, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak, baieztatu duenez, hiztegia egitean ireki den bideak “fruitu berriak ekarri behar ditu euskara sendotzeko; hizkuntza batasuna ekarri behar du, doinu eta kolore desberdinekin eta errealitate sozial eta geografiko desberdinetan murgilduta”.
Nolanahi ere, hiztegiaren funtsezko helburua da “guztientzat eta bereziki gizartearentzat balioko duen tresna linguistikoa eskaintzea. Zalantzarik gabe erabilgarri izanen den argitalpen honek eremu komuna bilatzen du eta onurak ekarriko ditu euskara normalizatzeko eta arautzeko prozesuan”.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Unai Hualde Parlamentuko lehendakariorde lehena, Gotzon Lobera Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioko lantaldearen koordinatzailea, Miriam Urkia UZEIko kide eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldearen arduraduna, Patxi Zabaleta, Sagrario Alemán (Euskaltzaindiakoak), Cristina Altuna (UPN parlamentu-taldea), Virginia Alemán (Geroa Bai parlamentu-taldea), Adolfo Araiz, Miren Aranoa, Bakartxo Ruiz, Esher Korres, Dabid Anaut (EH Bildu parlamentu-taldea), Carlos Couso eta Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea).
2015eko urtarrilean Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu zuten lexiko parlamentarioaren bateratze lana egiteko. Foru Parlamentuak euskara teknikari eta itzultzaile bat jarri zuen lanean talde horretan, eta konpromisoa hartu zuen bere esku zituen testuak eskaintzeko, hitzak lematizatu eta etiketatu eta anotazio linguistikoak egin zitezen.
Lexikoaren Behatokiak hainbat esparrutan eta formatutan erabiltzen diren egungo euskararen 50 bat milioi testu-hitzez osatutako basea dauka. Testu-hitz horiek behar bezala anotatu, etiketatu eta lematizatu dira.
Proiektuak bi helburu ditu: batetik kontsultarako tresna izatea, Euskaltzaindiak bere arauak eguneratzeko edo etorkizunean aldatzeko egiten dituen ikerlanetan; eta bestetik, XXI. Mendeko Euskararen Corpusa deritzon proiektu zabalago baten funtsezko atal bihurtzea. Euskaltzaindiak proiektu horri heldu nahi dio etorkizunean.
Bi helburu horietan sakondu ahal izateko, garrantzitsua da Lexikoaren Behatokia proiektuan sartutako testuak eta horien jatorriak aberastu eta ugaritzea, eta horretan lagunduko du gaur aurkeztu den euskarazko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioak.