'Baserrian Amets' haurrentzako antzezlana, larunbatean

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 24a, 07:59

Iturramako Civivixean eskainiko dute. Antzezlanak elikagaien jatorria erakutsi nahi du, eta haurrak ohartarazi bertako eta sasoiko gaiak jateko garrantziaz.

Larunbat honetan amaituko da Iruñeko Udalaren euskarazko haur-programazioaren neguko zikloa Iturramako Civivoxean, Eidabe konpainiaren Baserrian Amets lanarekin. Hiru urtetik gorako haurrei zuzenduta dago eta asmo pedagogiko garbia dauka, haurrak elikadura egokiaren garrantziaz ohartarazi nahi baititu. Gainerako emanaldietan bezala, Baserrian Amets egunean bi saiotan taularatuko dute, 12:00etan eta 18:00etan. Sarrerek 3 euro balio dute eta on linean zein Civivoxean bertan har daitezke.

Baserrian Ametsek Ametsen historia kontatzen digu, patatak eta arrautzak dendatik datozela uste duen neskaren historia, hain zuzen. Alabaina, amonaren baserrian asteburua igaro eta gero ikasiko du nondik datozen elikagaiak. Lurra, baratza eta abereak ezagutu ez ezik, ohartuko da, baita ere, garrantzitsua dela sasoiko eta bertako gaiak jatea.

Eidabe Ekimen Kulturalak enpresak Bibon dauka egoitza eta kultura-kudeaketan jarduten du, bereziki hiru esparrutan: haurren eta gazteen aisialdia, ekitaldiak antolatu eta egitea eta antzezlanen ekoizpena. Antzezlanei dagokienez, batez ere haurrei zuzendutako ikuskizunak sortu izan ditu, esaterako Kanpanolue, Lore power, Atxikistan eta Sardina freskue.

Baserrian Amets Galder Pérezek zuzendu du eta Aiora Sedanok egiten du protagonistaren rola. Asier Ercilla musikaz arduratu da, eta Imanol Goikoetxea gitarraz. Aiora Sedanoren eta Eider Zenarrutzabeitiaren ahotsek zein Enara eta Amets Ercillaren koruek osatzen dute lanaren eszenaratzea.

Galder Pérez González (Bilbo, 1975) Informazio Zientzietako lizentziaduna da, eta prestakuntza jaso du arte dramatikoan eta lanak antzerkirako eta telebistarako idazteko tekniketan. Egun, oparo ari da lanean aktore, gidoigile eta zuzendari gisara telebistako saioetan eta antzezlanetan, hala nola, ezagunenak aipatzeagatik, Cocidito madrileño edo Todos nacemos vascos izenburukoetan. 1993. urtean, Gilkitxaro antzerki-taldean sartu zen, eta 2004an, Glu Glu Producciones-i lotu zitzaion.

Aiora Sedano Arte Eszenikoetako lizentziaduna da, Bizkaiko Antzerki Ikastegian, eta prestakuntza jaso du eszena-interpretazioan (Ander Lipus, Chapitó konpainia, Arístides Vargas), dantzan eta kamera aurreko interpretazio- eta zuzendaritza-zereginetan (Imanol Uribe eta Carmelo Gómez).

Tirante plataforma sortu zuen beste zenbaitekin batera, Azaro kulturala izeneko kultur jaialdia antolatzen duen talde artistikoa. Antzerkiari dagokionez, hainbat lan sortu eta interpretatu ditu, hala nola La 52, Bibote gorriak kabareta eta Miss Ovarios 33 musika-ikuskizuna. Haur-antzerkian, zenbait konpainiarekin egin ditu aktore-lanak, hala nola Hortzmuga, Kukubiltxo, Glu Glu eta Irrien lagunak-ekin.

Euskarazko haur-programazioa heldu den apirilaren 29an abiatuko da berriz ere, Sanduzelaiko Civivoxean, Txotxongillo Taldearen Itsasminez antzezlanarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!