Ordenantza guztietan genero ikuspegia txertatuko du Berdintasun Planak

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 23a, 08:10
Argazkia: III. Berdintasun Planaren aurkezpena.

Ikerlan sozioekonomikoa abiatzea, eraso sexisten kontrako protokoloa eratzea eta elkarteak "laguntzeko" urratsak barnebiltzan ditu 2022ra arte indarrean egonen den Berdintasun Planak.

Ordenantzetan eta Udal-planetan genero-ikuspegia txertatzea, Iruñeko emakumeei buruzko ikerlan sozioekonomiko bat egitea, eta tokiko protokolo bat diseinatzea politikoki eta herritarren partetik eraso sexistei aurre egiteko. Horra aurten sustatuko diren lan-ildoetako batzuk, Iruñeko Udalaren III. Berdintasun Planaren barruan. Guztira 20 ekintza markatu dira lehentasunezko ekintza gisa, lau helburu estrategiko edo jarduketa-eremutan banatuta. Hala azaldu du gaur goizean, prentsaurrekoan, Berdintasuneko zinegotzi berezi Laura Berrok, Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorreko zuzendari Axel Moreno, eta alor horretako Berdintasuneko teknikari Vanesa Eguíluzekin batera.

Jarduketa horien hautaketa eta idazketa iaz egin zen, Emakumearen Udal Kontseiluko kideek, udal-taldeetako ordezkariek, teknikariek eta Udaleko alorretako arduradunek elkarrekin egindako hainbat bileratan, bai eta herritarrei irekitako saioetan ere, non jaso baitzen emakumeen eta elkarte feministen ikuspegia.

Lau helburu estrategiko eta zazpi printzipio gidari dituen plana

Iruñeko Udalbatzak, 2016ko apirilaren 7an egindako Osoko Bilkuran, III. Berdintasun Plana onetsi zuen, 2022ra arte indarrean egongo den agiri estrategikoa. Planak lau helburu estrategiko ezartzen ditu: gobernantza eta konpromiso politikoa berdintasunarekin; emakumeen ahalduntzea eta balio-aldaketa; zainketa-lanen eta erantzukidetasunaren aitortza, bizitzaren sostengarritasunerako gako gisa; eta indarkeria matxistarik gabeko bizitza hiri seguru batean.

Eta zazpi printzipio gidari ditu: genero-ikuspegia oinarrizko ikuspegi gisara, analisi hori baita abiapuntua desberdintasunei heldu eta haiek ulertzeko saioa egiteko; aniztasun-printzipioa, gogorarazteko emakumeek ez dutela guzti-guztiena den nortasun-ezaugarri bat eta bakarra, eta, beraz, elkarrengandik bereizten dituzten alderdi guztiak hartu behar direla aintzat, emakumeak kontuan hartzerakoan; emakumeen partaidetza eta lidergoa ezinbesteko osagai gisara demokraziak aurrera egiteko; politika publikoen neutraltasunik eza, hau da, aintzat hartzea esku-hartze publiko guztiek eragina dutela berdintasunik ezaren egoeran, dela hura errepikatuz eta iraunaraziz, dela hura eraldatuz.

Udal-alor guztien erantzukidetasuna –bosgarren printzipio gidari hau ere administrazioari baitagokio–, Plana garatzeko, eta lankidetza instituzionalean aritzeko beharra beste administrazioekin zein gizarte-eragileekin, berdintasuna lortze aldera; aurrekontu eta baliabideen bermea –seigarren printzipio gidaria da hori–, benetan bermatzeko berdintasunarekiko konpromiso politikoa; bukatzeko, zazpigarren printzipio gidariak gardentasuna bermatu beharra aldarrikatzen du, eta herritarrak jotzen ditu politiken ardatz, herritarren partaidetza erraztuko baitu, ez soilik politika horien ebaluazioan baizik eta haien diseinuan eta garapenean ere.

Ekintzak Udalean, eta ekintzak, baita ere, ahalduntzea zein balio-aldaketa bultzatzeko

Gobernantzaren eta berdintasunarekiko konpromiso politikoaren jarduketa-eremuan gobernagarritasun-eredu berriak txertatu nahi dira. Atal honen barruan, 2017rako hiru lan-ildo nagusi daude: III. Plana bera koordinatzea eta kudeatzea, Udalaren alor guztietan berdintasuna aintzat hartzen dela bermatzeko; berdintasunari buruzko prestakuntza ekintzak garatzea udal teknikari eta lantaldetarako, berdintasunak politika publikoak eraldatzen dituela bermatzeko; eta berdintasun-printzipioa aintzat hartzen duten lan-prozedurak sortzea eta konpromisoa hartzea udal-planak, baldintzak zein udal-ordenantza berriak berraztertzeko, genero-ikuspegia horietan guztietan txertatze aldera.

Planaren bigarren eremuari dagokionez –emakumeen ahalduntzeari eta balio-aldaketari buruzkoa–, honako jarduketa hauek sartzen dira: Iruñeko emakumeei buruzko ikerlan sozioekonomiko bat egitea, eta prozesu partizipatiboetan eta partaidetzarako eremuetan emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna errotzea, hala nola Emakumearen Udal Kontseiluan, Sanferminak Berdintasunean taldean, Nombra taldean, LGTBIko eztabaidagunean eta Sanferminetako Liburu Zurian. Halaber, mobilizazio- zein sentsibilizazio-kanpainak egingo dira hainbat egunen harira: Emakumeen nazioarteko eguna, Emakumeen kontrako indarkeria desagerraraztekoa, LGTBI Harrotasunarena, Etxeko langileen eguna, eta Transexualitatea ikusaraztekoa, besteak beste.

Esparru honetako beste jarduketa-programetako bat prestakuntza da, berdintasunaren eta feminismoen alorretako prestakuntza, alegia. Prestakuntza horretarako baliatuko da, alde batetik, Compañía zentroa –IKTetako prestakuntzan eta generoko haustura digitala ezabatzean eskarmentu luzea eta – emakumeendako webgune bat duena, eta, bestetik, Ahalduntzearen eta Feminismoen Eskola. Orobat, autonomia ikastaroak eta bestelako jarduketa kulturalak ere eginen dira, hala nola emakumeen zine eta literatur zikloak, Iruña, molde femeninoan lehiaketa, etab. Balio-aldaketari eta genero-estereotipoak eta -rolak desagerrarazteari begira ere  Eskoletan ere berdintasuna izeneko jarduketa espezifikoa abiatuko da,Lehen Hezkuntzan berdintasuna lantzeko, ikasle, irakasle eta senideekin. LGTBIko arreta zentroak ere helburu eta asmo berdinei helduko die.

Iruñeko emakumeen memoria berreskuratzeko jarduketak egingo dira, ikus-entzunezko ekoizpen baten bidez eta kalean haien omenezko guneak sortuko direlarik. Elkarteak ere babestuko dira emakumeen elkarteendako eta kolektibo feministendako diru-laguntzen bidez;beste diru-laguntza lerro bat egongo da LGTBI kolektiboendako, eta hirugarren bat berdintasuneko prestakuntza proiektuak egiteko.

Aurten ere komunikabideekin batera prestakuntza-ekintzak egingo dira, berariazko materialak prestatuko dira eta lan-jardunaldiak antolatuko dira albisteak genero-ikuspegia aintzat hartuta lantzeko. Praktika osasungarriak sustatzeko helburuaren barruan, genero-ikuspegia duten gizarte eta kontsumoei buruzko jardunaldi batzuetan parte hartuko da.

Emakumeen papera aitortzea zainketa-lanetan, eta hiri seguru bat lortzea

III. Berdintasun Planaren hirugarren helburu estrategikoa honako hau da: zainketa-lanen eta erantzukidetasunaren aitortza, bizitzaren sostengarritasunerako gako gisa. Funtsezkoa da emakumeen eta gizonen arteko harreman-eredu berriak eraikitzea eta lekuen eta denboren erabilera berriak zedarritzea, hartara gizarte-balioetan aldaketak eragiteko, balio horietan erroturik baitago sexuaren araberako lan- eta mundu-banaketa. Hirian dauden zainketa-baliabideen mapa egitera bideratuko dira atal honetako jarduketak, Udaleko alor ezberdinen parte-hartzearekin; Iruñean sexu-lanari buruzko jardunaldi batzuk egitea ere aurreikusita dago.

Emakumeen aurkako biolentziarik gabeko bizitza hiri seguru batean. Hori da Planaren azken lan-esparru nagusia.. Indarkeria errotik desagerrarazi nahi da, eta ikusarazi genero-desberdintasuna dagoela emakumeen kontrako indarkeriaren jatorrian. Horrenbestez, politika publikoen eginbeharra da errealitate horri eusten dioten gizarte-balioak aldatzeko esku hartzea. Eraso sexistei aurrea hartzea eta horien inguruan sentsibilizatzea da aurtengo jarduketa nabarmenen xedea, auzoetako jaietan, aisialdirako guneetan, karpa unibertsitarioan, zein sanferminetan. Beste ekintza batzuk bultzatuko dira ere sanferminetan: udaltzainei eta Babes Zibileko langileei prestakuntza ematea, eta puntu kritikoak ezabatzea. Bi protokolo gauzatuko dira ere. Bata erasoei aurre egiteko esku-hartze sozialeko protokoloa izango da: Herritarren Segurtasuneko eta Gizarte Ekintzako alorrekin koordinatuta, sanferminetan 24 orduz gizarte-arreta emango du. Bestea eraso sexistei instituzionalki eta gizarte gisa erantzuteko protokoloa izango da, eta Udaleko hainbat alorrek eta kolektibo feministek garatuko dute.

2017ko ekintzak eta egutegia (lau jarduketa eremuetan elkartuta)

  • Gobernantza eta berdintasunaren aldeko konpromiso politikoa
  • Iruñeko Udalaren III. Berdintasun Plana koordinatzea eta kudeatzea. Urte osoan zehar
  • Berdintasunari buruzko prestakuntza-ekintzak, teknikari eta lantaldeendako. Bigarren eta laugarren hiruhilekoak
  • Udal-planak, baldintzak zein udal-ordenantza berriak berraztertzea genero-ikuspegia txertatzeko. Urte osoan zehar
  • Emakumeak ahalduntzea eta balio-aldaketa
  • Iruñeko emakumeei buruzko ikerlan sozioekonomikoa egitea. Bigarren seihilekoa
  • Aukera-berdintasuna, prozesu partizipatiboetan eta partaidetzarako eremuetan: Emakumearen Udal Kontseilua, Sanferminak Berdintasunean taldea, Nombra taldea, LGTBIko eztabaidagunea eta Sanferminetako Liburu Zuria. Urte osoan zehar
  • Elkarretaratzeen bidez eragin eta sentsibilizazio-kanpainen bidez mobilizatu: Martxoak 8, azaroak 25, ekainak 28, Etxeko langileen eguna, Transexualitatea ikusarazteko nazioarteko eguna, etab. Urte osoan zehar
  • Berdintasunari eta feminismoei buruzko prestakuntza: Compañía zentroa, Ahalduntzearen eta Feminismoen Eskola, autonomia ikastaroak, emakumeen zinea eta literatura, Iruña, molde femeninoan, etab. Urte osoan zehar
  • Elkarteak laguntzeko eta ahalduntzeko baliabideak. Emakumeen elkarteendako eta kolektibo feministendako diru-laguntza lerroa, LGTBI kolektiboendako diru-laguntzak, eta berdintasuneko berariazko prestakuntza ekintzetarako diru-laguntzak. Bigarren hiruhilekoa
  • Hezkuntza eta hezkidetza: Eskoletan ere berdintasuna programa, Lehen Hezkuntzan. Lehen eta bigarren hiruhilekoak
  • LGTBI: arreta- eta aholkularitza-zerbitzua, eta kolektiboendako zentroa. Bigarren hiruhilekotik aurrera
  • Aztura osasungarriak: gizarte eta kontsumoei buruzko jardunaldiak, genero-ikuspegia aintzat hartuta. Bigarren seihilekoa
  • Iruñeko emakumeen memoria: ondare historikoa eta ahozko ondarea berreskuratzea, ikus-entzunezko formatuan, eta kalean guneak sortzea. Lehen, bigarren eta hirugarren hiruhilekoak
  • Komunikabideendako prestakuntza berdintasunean, materialak eta jardunaldiak.      Bigarren hiruhilekoa
  • Kolektiboen ahalduntze digitala lortzeko gune digitalak sortzea, webgune baten bidez. Lehen eta bigarren hiruhilekoak
  • Zainketa-lanak eta erantzunkidetasuna bizitzaren jasangarritasunerako gakotzat aitortzea
  • Hirian dauden zainketa-baliabideen mapa. Bigarren, hirugarren eta laugarren hiruhilekoak
  •  Sexu-lanari buruzko jardunaldiak, Iruñean. Bigarren hiruhilekoa
  • Indarkeria matxistarik gabeko bizitza hiri seguru batean
  • Eraso sexistei aurrea hartzea eta horien inguruan sentsibilizatzea auzoetako jaietan, aisialdirako guneetan, karpa unibertsitarioan. Urte osoan zehar
  • Sanferminetako eraso sexisten kontrako kanpaina: udaltzainendako eta Babes Zibileko langileendako prestakuntza, puntu kritikoak ezabatzea, etab. Bigarren eta hirugarren hiruhilekoak
  • Esku-hartze sozialeko protokoloa, Herritarren Segurtasuneko eta Gizarte Ekintzako alorrekin koordinatuta, 24 orduz, sanferminetan. Bigarren eta hirugarren hiruhilekoak
  • Eraso sexistei instituzionalki eta gizarte gisa erantzuteko protokoloa Urte osoan zehar

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!