Martxoaren 6an, astelehenarekin, epea zabalduko da Iruñeko Udalak apiril, maiatz eta ekainerako Civivox sarean antolatutako 242 ikastaro eta lantegietan eta 43 bisita gidatuetan izena emateko. Guztira 4.337 leku eskainiko dira Kondestable, Zabalgune, Iturrama, Juslarrocha, Mendillorri, Milagrosa eta Sanduzelaiko Civivoxetan. Edukiak haur eta gazteei zein familia eta helduei zuzenduta daude, eta Iruñean erroldatutakoek lehentasuna dute. Eskaintzaren barruan ere Iruñeko Udalak abuztuan antolatu dituen haurrendako hiri-kanpaldiak daude. Bisita gidatuetarako 955 leku daude.
Interesdunek ikastaro sorta zabala izango dute aukeran udaberri honetan: informatika, arte plastikoak, historia eta literatura, musika, antzerkia, sukaldaritza eta ardoa, hazkunde pertsonala eta hainbat kirol -eta dantza-diziplina. Hitzaldiak ere izango dira: #MartesTIC zikloaren edizio berri bat, Guraso Eskola, eta elikadura eta hazkunde pertsonalari buruzko hitzaldi gehiago.
Izen-emateak Udalaren www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan egin daitezke, 010 telefonoan (948 420 100 telefonoan mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero), astelehenetik ostiralera 09:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan 09:30etik 13:30era, eta aurrez aurre zazpi Civivoxetako edozeinetan. Hona Civivoxetako jendaurreko ordutegia: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 21:00etara Iturrama, Mendillorri eta Sanduzelaiko Civivoxetan; eta 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, Kondestablen, Zabalgunean, Juslarrochan eta Milagrosan. Larunbatetan zentro guztiak zabalik daude 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
Kirol jardueretan eskaera eskainitako leku kopurua baino handiagoa bada, zozketa egingo da, martxoaren 14an, astelehenarekin, eta sms bat bidaliko zaie lekua dutenei. Gainontzeko ikastaro, lantegi eta bisitei dagokienez, leku librerik gelditzekotan, Iruñean erroldatuta ez daudenek izena eman ahal izango dute, martxoaren 20tik aurrera, astelehenarekin.
Haurrendako gunea, Guraso Eskola eta informatika
Haurrendako gunearen barruan eskaintza zabala da: arkitektura- eta hirigintza-laborategiak, robotika lantegiak Legorekin, magia, antzerkia, dantza, arte plastikoak eta informatika... Baita ingelesa eta frantsesa praktikatzeko hainbat proposamen ere. Gazte-faktoriaren edizio berrian, hip hop ikastaroak, eta scrapbooking, moda-osagarri eta zumba lantegiak gazteendako.
Txikienendako ikastaroen barruan Iruñeko Udalak abuzturako antolatu dituen hiru hiri-kanpaldiak sartzen dira, guztira 74 haurrendako lekuarekin. Zehazki, 6 eta 11 urte arteko haurrendako hiri-kanpaldia egongo da uztailaren 31tik abuztuaren 4ra bitarte (Iturramako Civivoxean), abuztuaren 7tik 11ra (Kondestablen), 14tik 18ra (Iturraman) eta 21etik 25era (Kondestablen). Txanda bakoitzeko 12 leku eskainiko dira, bai euskaraz bai gaztelaniaz. 4 eta 9 urte arteko haurrendako hiri-kanpaldiak ere egingo dira, beste hizkuntza batzuetan: ingelesezkoa, abuztuaren 7tik 11ra eta 21etik 25era, Mendillorriko Civivoxean; eta frantsesezkoa, abuztuaren 28tik irailaren 1era, Zabalguneko Civivoxean. Edozein kanpalditako prezioa 63 eurokoa da, aste osorako.
Hurrengo hiruhilekorako Guraso Eskolaren edizio berri bat antolatu da: emozioak kudeatzeko ikastaro bat egongo da, eta beste bat, euskaraz, seme-alabekin nola komunikatu lantzeko. Bi ikastaro horiekin batera (10 euro balio du izen-emateak), doako hiru hitzaldi programatu dira, honako gai hauek ardatz hartuta: emozioen garapena lehen haurtzaroan, autoritatea familian eta guraso eta seme-alaben arteko komunikazioa.
Informatika eta teknologia berriek ere badute bere lekua Udalaren eskaintzan: 30 ikastaro eskainiko dira, guztira 522 lekurekin. Informatika hastapenetarako ikastaro eta lantegiak daude –Internet, posta elektronikoa, irudi eta artxiboen kudeaketa, programak konfiguratzea–, baita zehatzagoak ere, hala nola smartphone eta tabletak erabiltzekoak, sare sozialei buruzko lantegiak, bideo- eta argazki-edizioa... Ikastaroekin batera, informatikako bost mintegi eta lantegi programatu dira, doan, #MartesTIC delakoak, gai zehatzak jorratzeko: gizarte-ingeniaritza, adingabeendako arriskuak Internet eta sare sozialetan, gauzen Interneta, maker fenomenoa, eta kontzeptu teknologikoak eta dibulgaziozko zientzia.
Artea, gastronomia, ongizatea, dantza eta kirola
Civivox sareak argazkigintzazko bi lantegi eskainiko ditu udaberrian, eta besti bi, historia eta arteari buruz. Halaber, arte plastikoetako eta artisautzako hainbat diziplinetako ikastaroen eskaintza zabala izango dute aukeran herritarrek. Akuarela, olio-pintura, erretratua, marrazkia, grabatua, interiorismoa eta dekorazioa etxerako, pintura lantegiak... Baita artisautza mota ezberdinak ere: zaharberritzea eta birziklapena, zura lantzea, patchwork-a, amigurumiak eta kakorratz-lana, puntua eta joskintza...
Literaturaren arloan, idazten ikasteko hiru ikastaro eskainiko dira, Maite Pérez Larumbe, Daniel Aldaya eta Ignacio Lloret idazleen eskutik. Musikazaleek gitarra, betiko abestiak edo musika klasikoko entzunaldi gidatuen artean aukeratu dezakete. Gainera, antzerki eta magiazko bi lantegi programatu dira.
Bestalde, sukaldaritzako 13 ikastaro eta dastaketak eskainiko dira, ardo, garagardo, te, oliba-olio eta txokolate dastaketak, hain zuzen ere. Esparru honen barruan, elikadura eta osasunari buruzko bi hitzaldi programatu dira gainera. Hiruhileko honetako bi hitzaldiek elikagaien nutrizio-etiketatua hartuko dute ardatz, bai euskaraz egingo denak bai gaztelaniazkoak ere. Norberaren ongizatearen arloan 8 ikastaro eskainiko dira asertziozko komunikazioa eta erlaxazioa lantzeko, eta ongizatea handitzeko tresna praktiko eta sendabelarrei buruz, eta horiekin batera, hazkunde pertsonaleko bost hitzaldiz osatutako (horietako bat euskaraz) ziklo berri bat egingo da.
Sasoian egoteko ikastaro eskaintza zabala dago: dantza mota ezberdinak (dantza latinoak, areto-dantzak, sabel-dantza, salsa, swing-a eta sevillanak) eta zenbait kirol-diziplina (aerobic, GAP, aerotonic, step, tonofitness, zumba, mantentze-gimnasia, pilates, igeriketa, taichi eta yoga). Jarduera horietatik lau, euskaraz izango dira. Ama izan direnendako kangatraining ikastaro berri bat eskainiko da, apirilaren 3tik ekainaren 19ra, Mendillorriko Civivoxean.
Generoa eta berdintasuna, arabiar kultura eta bainuetxea
Hiruhileko honetako programazioa generoari eta berdintasunari eskainitako atal zehatz batekin osatzen da: zine eta emakumeei buruzko ikastaro bat, zinemako emakume heroien inguruko zine-forumeko bost hitzordu eta gazteendako lantegi bat sanferminetan bizirauteko.
Udaberriko programazioak astebete eskainiko dio, apirilaren 1etik 7ra, arabiar kultura hedatzeari. Arabiar munduarekin lotutako hainbat jarduera antolatuko dira: hitzaldi bat, traje tipikoen desfilea, dantza- eta musika-ikuskizunak, gastronomia ikastaro bat eta arabiar dantza, hizkuntza, perkusio eta erritmoei buruzko lantegiak. Ekimen honen bidez arabiar artea eta ohiturak gerturatu, hedatu, partekatu, sustatu eta bizirik mantendu nahi dira, nafar gizarteari arte eta kultura hori erakutsiz, kulturartekotasunaren mesedetan.
Civivoxetako ikastaroen eskaintza natura eta teknologiari buruzko hiru ikastarorekin eta naturari buruzko hiru hitzaldirekin osatzen da. Horri ere Iturramako bainuetxeko eskaintza gehitu behar zaio, non guztira 23 ikastaro programatu diren, 243 lekurekin. Hainbat maila eta ordutegi eskaintzen dira: helduendako igeriketa, gimnasia uretan, aquagyma, aquafitnessa, haurrendako igeriketa eta jolasak uretan. Ikastaro horietako hiru euskaraz izango dira. Abonatuendako prezioak 13 eta 50 euro artean daude, eta 15 eta 59 euro artean, abonaturik ez daudenendako.
Bisita gidatuak
Udaberrian honako leku hauek bisitatu ahal izango dira: Pablo Sarasate museo-aretoa, Iruñeko Katedraleko areto ezberdinak, Nafarroako Museoa, eta Miguel Echauri Fundazioa. Bisita gidatu tematikoen zikloak ere izango dira. Hala, Iruñeko zenbait ikastegi ezagutzeko bisitak programatu dira: Iruñeko Unibertsitate ohia, Merkataritza Eskola ohia , Joaquín Maya Musika Eskola eta bi unibertsitateak. Arteari buruzko beste ziklo batean Iruñeko Udaletxeko ezkaratza, Nafarroako Artxibo Nagusia eta Kontuen Ganbera bisitatuko dira.
Iruñerriko Mankomunitateari eskainitako ziklo bat izango da, non bisitatuko diren Atarrabiako pilategia eta San Andres errota, bai eta Mendillorriko ur-biltegiak ere Hiruhileko honetako bidaien proposamenaren xedea da mende bukaerako entretenimenduak, ekonomia eta historia ezagutzea. Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia, Durango eta Durangaldea, Guggenheim museoa eta Bilbo, eta Urduña, Amurrio eta Laudio bisitatuko dira.