Gora esnea! Horrela egin dute topa gaur Iruñean esnearen alde egindako ekitaldian. Kordoba, Errioxa, Gipuzkoa, Mostoles, Leon, Nafarroa, Bizkaia... eta beste leku askotako esne ustiategietako abeltzainak etorri dira gaur Iruñean egin den ekimenera. Kasik estatu osotik etorritako esne sektoreko ekoizleak eta eragileak. ALBAITARITZA aldizkariak deitutako ekitaldian, Gaizka Aranguren zuzendariak azaldu du ekitaldiarekin kontsumitzaileei argi utzi nahi dietela “esnea dieta anitz eta orekatu batean oinarrizko elikagaia dela”.
Bere aldetik, Nafarroako Gobernutik aditzera eman dute behi-ustiategi txikiei laguntzeko neurriak ari direla aztertzen. Isabel Elizaldek azaldu duenez sektorean gaur egun egiturazko krisialdi larria dago, 2015ean esne ekoizpena mugatzen zituzten kuotak desagertu zirenetik. Horren ondorioz ekoizpena handitu egin da eta deslokalizazioa zabaldu da ustiategiak industria eta banaketa guneetara hurbilduz. Esnearen prezioa %20 jaitsi da eta gero eta ustiategi txiki gutxiago dago. Honekin batera azpimarragarria da ere esnearen kontsumoa jaitsi egin zela %10 iaz aurreko urtearekin alderatuta.
2016ko azaroan 170 behi-ustiategi zeuden erroldatuta Nafarroan, urte hasieran baino 19 gutxiago. 2006an 349 zeuden, beraz 10 urtean erdia baino gehiago galdu da. Abereen kopurua, aldiz, mantendu egin da: 25.050 buru. Horrek esan nahi du ustiategi handietarako joera orokortzen ari dela. Azken urtean haien produkzioa 240 milio litrotakoa izan zen.
Prezioei dagokienez, apalenak uztailean izan ziren: 0,286 euro litroko eta oraingoa 0,32koa.
Datu hauek emateaz batera Isabel Elizaldek aldarrikatu du ustiategi txikiak mantentzea lurraldearen egituraketa ezinbestekoa dela.
Bestalde Nafarroako Dietista-Nutrizionista Elkargoko lehendakaria den Elena Gasconek adierazi du obesitatearen arazoaren jatorria ez dela esnea, baizik eta asko eta gaizki jan ohi dugula gaur egun. Eta gaixotasun guzti-guztiak elikadurarekin dutela zerikusia.
Esne kontsumoari dagokionez, Elena Gasconek azpimarratu du jendeak informazioa interneten bilatzen duela eta horrek arazoak sortzen dituela, artikulu horietako asko ez direlako batere fidagarriak.
Bestalde, Nerea Segurak hartu du hitza, bera, kirol arloan aholkularitza lanetan diharduen Dietista-Nutrizionista da eta baita EAEko Dietista-Nutrizionista Elkargo Ofizialeko kidea ere. Nerea Segurak azaldu du esnekien kontsumoak muskulu-masa handitzen eta gantza murrizten laguntzen duela. Bestalde, azukrearen gehiegizko kontsumoaren aurrean ohartarazi du, kontu handiarekin ibili behar dela “batere gantzik gabeko” produktu deritzonekin, batzuetan halako produktuei azukre kopuru handia gehitzen baitiete.
Esne osoan aurkitzen den kaseina, mantsoago digeritzen du gorputzak. Esne osoaren gantzak gure organismoak D bitamina xurgatzea ahalbidetzen du eta D bitamina horrek kirol errendimendua handitzen laguntzen dio gorputzari. Izan ere, asko dira D bitamina baxua duten kirolariak, kanpoaldean entrenatzen dutelako eta euren dietan esnea sartzeari uko egiten diotelako.
Ana Casares nafar atleta ezagunak, gaur egun kirol arloko AC Training enpresa zuzentzen du. Casares goi mailako kirolaria izan zen urteetan, bere gorputzak errendimendu altuko entrenamenduak jasan zituen eta tartean ama ere izan zen: “Amatasunaren prozesuan nengoela eta edoskitzearekin, nire gorputzak esnea edateko eskatzen zidan. Egunean 3 edo 4 baso hartzen nituen. Urte horietan, nire entrenamenduak intentsitate handikoak ziren, baina baita luzeak ere eta amaitutakoan proteinarekin errekuperatzeko beharra izaten nuen. Esnea nire elikadura eguneroko edaria izan zen eta oraindik ere hala izaten jarraitzen du”. Nafarroako Gobernuko Landa Garapena, Ingurumena eta Toki-Administrazioko Kontseilaria, Isabel Elizalde arduratu da mahai-inguruari amaiera emateaz. Esne sektoreak Nafarroan duen garrantzia nabarmendu du, horrek lurralde antolamendu eta landa eremuko garapen egoki baten alde gure haranetan populazioa eta jarduerak izaten jarraitzea ahalbidetuko duelako.
ESNE BRINDISA
Ekitaldiaren unerik azpimarragarriena kanpoaldean izan da. Zehazki Aldapako San Fermin lorategietan, Iruñeko alde zaharreko erdialdean. Hara hurbildu dira ekitaldian parte hartu duten 100 lagun baino gehiago eta denen artean esnearekin eta esnearen alde topa egin dute.