Iruñeko Udalak prozesu partizipatibo bat jarriko du abian, garatzen ari den Turismoko Plan Estrategikoari begira estrategiak adosteko turismo-sektorearekin batera.
Gai zehatzak lantzeko zazpi lan mahai osatuko dira turismo-sektorearekin batera, sanferminak, gastronomia, Donejakue bidea, kultura edo ondareari buruzko gaiak jorratzeko, sektorea aztertzeko, potentzialtasunak zehazteko eta produktu turistiko erakargarriak sortzeko.
Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkari Patricia Peralesek eta Gobernu Gardeneko Alorreko zuzendari Arturo Ferrerrek gaur aurkeztu dute Iruñeko turismoaren analisia eta diagnostikoa izeneko txostena. Lan honetan azaltzen da Prozesu partizipatibo bat egitea ezinbestekoa dela Turismoko Plan Estrategikoaren helburuak erdiesteko.
Iruñeko Udaleko etorkizuneko Turismoko Plan Estrategikoak xede du hiriaren marka-irudia hobetzea, haren alderdi berezi eta bereizgarriak nabarmenduta; eta bisitari berriak erakartzea, batez ere segmentu edo denboraldi jakin batzuetan. Horretarako baliatuko diren merkataritza-estrategiek abiapuntu izango dute merkatu-inteligentzia, eragileen arteko elkarlana eta produktu lehiakorren garapena. Hona planak aztertzen dituen gaia batzuk: komunikazio-estrategia berriz ere planteatzea, sanferminak birpentsatzea turismo-estrategia batetik abiatuta, alderdi publiko eta pribatuaren arteko elkarlana sustatzea, hiriko baliabide eta eragileekin batera lan egitea, turismo-produkzioaren irizpideak egituratzea eta Iruñeko produktuen katalogoa zabaltzea, betiere bereizgarritasuna eta jasangarritasuna aintzat harturik.
Gaikako zazpi mahai, lan egin eta parte hartzeko
Gaikako zazpi lan-mahaien bitartez turismo-sektorearekin partekatuko dira gaur aurkeztu diren analisi eta diagnostikoaren ondorioak, ekarpenak edo premiak bilduko dira, eta alor bakoitzeko produktu jasangarriak diseinatzeko oinarriak ezarriko dira.
Hiriaren baliabideak
Txostenaren arabera, sanferminak alde batera utzita, Iruñeak ez du erreferente turistiko gisa balio duen baliabiderik. Hiriaren baliabide batzuek berezko kalitatea izanagatik –harresiak edo katedrala, adibidez–, Iruñera etortzen diren bisitariek oso gutxi dakite horiei buruz. Eta horixe bera gertatzen da beste baliabide batzuekin: museoekin, berdeguneekin edo beste elementu berezi batzuekin. Horrek agerian uzten du baliabide-katalogoa turismo-ikuspegi batetik abiatuta eguneratu beharra.
Sanferminak, jakina, Iruñeko produktu nagusia dira, nahiz eta urtean zehar oso erreferentzia gutxik ematen duten aditzera jai horien oihartzuna. Iruñeari buruzko berariazko produktu gutxi dago merkatuan –sanferminak bazter utzita–, eta hortaz, bidaia-antolatzaileen katalogoan oso presentzia txikia dauka gure hiriak. Hala ere, badaude Nafarroako Foru Komunitatearen barruan Iruña aintzat hartzen duten zenbait produktu; eskaintza hori kontuan hartuko da bisitarien kopuruak gora egin dezan lan egiten jarraitzeko.
Txostenak aditzera ematen du hiriak oso promozio eskasa duela estatuko merkatuan zein nazioartekoan, eta sare sozialetan eraginkortasun mugatua duela nahiz eta webgunea ondo kokatuta dagoen. Iruña atsegin dut markarekin gauza bera gertatzen da. Orobat, irudi turistiko argirik ez dagoela ondorioztatu da, eta beharrezkoa dela hiriaren irudi orokorrarekin bat egiten duen marka bat sortzea.
Ostatu hartzeko 7.000 plazatik gora: eskaintza turistikoa
Iruñeko eskaintza turistikoaren oinarrizko datuak laburbiltzen ditu azterlanak: 209 ostatu turistikoek 7.220 leku eskaintzen dituzte. Hiriburuko eta Iruñerriko datuak biltzen dituzte kopuru horiek. Horiei, Ezkabako kanpinaren lekuak gehitu behar zaizkie (599 leku) eta 58 landa-etxetakoak (462). Foru Komunitateko eskaintzaren % 16 hartzen du ostatu turistikoen eskaintzak, lekuen % 21.
Establezimendu gastronomikoak aintzat hartzen badira gora egiten dute ehuneko horiek. Iruñerrian 77 kafetegi daude (3.519 leku) eta 323 jatetxe (28.681 leku). Nafarroako eskaintzaren % 78 hartzen dute Iruñerriko kafetegiek (eta lekuen % 82), eta jatetxeek % 43 (lekuen % 46).
Gainera, eskaintza oso pilatuta dago hiriaren erdigunean. Tripadvisor plataforma hartzen du erreferentziatzat azterlanak, eta egiaztatu du eskaintzaren gehiengoa Alde Zaharrean edo Zabalgunean dagoela, eta ez hain pilatuta, Erietxe Unibertsitarioaren eta Nafarroako Unibertsitatearen inguruan.
Iruñerrian dago turismo-enpresa gehien: bidaia-agentziak eta biltzar-antolatzaile profesionalak (98) eta turismo aktibo edo kultur turismoko enpresak (44). Izan ere, Iruñean dauden bitartekaritza enpresak Nafarroa osoko % 66 dira, eta turismoa aktibokoak, % 40.
Uztaileko ostatu-gau kopuruak behera, sanferminak gorabehera
Turismo-diagnostikoak hiru ondorio atera ditu. Lehenengo eta behin, sektoreak gora egin duela Iruñean: 2012tik 2016ra bitarte urteko % 5,4 hazi da batez beste hoteletan ostatu hartzen duten bidaiarien kopurua, eta ostatu-gauek % 4,9 egin dute gora. Guztira, 2012 eta 2016 bitarte, Iruñeko hotelek 106.865 ostatu-gau gehiago fakturatu dituzte.
Bigarren ondorioa da turistak astean zehar zein asteburuan etortzen direla hiria ezagutzera; eskaria oso orekatua da, Iruña bezalako beste hiri batzuetan gertatzen ez den bezala. Azterlanaren arabera, batezbesteko okupazioa eta asteburuko okupazioaren arteko diferentzia % 7 baino ez da. Zentzu horretan, Santiagok baino ez ditu antzeko kopuruak. Hala ere, diagnostikoak beste datu baten berri ematen digu; Iruñean hileko batezbesteko okupazioa asteburuan % 57 da, eta alde handia dago beste hiri batzuekin: Donostia (% 75,4), León (% 68,6), Logroño (% 73, 4), Salamanca (% 68,7), Segovia (% 74,2) eta Bilbo (% 68,7).
Hirugarren ondorioaren arabera sanferminek ez dute hoteletako okupazioa areagotzen: uztailean turista gutxiagok hartzen dute ostatu hoteletan, ekaina, abuztua, iraila eta maiatzarekin alderatuta. Iazko uztailean –udako oporrak hasten diren hilabete horretan– 21.553 bidaiari hartu zituzten Iruñeko hotelek, irailean baino ia 2.000 bisitari gutxiago eta ekainean baino 700 gutxiago inguru. Halaber, gau-ostatuak guztira gutxiago dira uztailean, ekaina, iraila eta maiatzarekin ere alderatuta: 2015eko uztailean baino 6.000 gau-ostatu gehiago izan ziren maiatza edo irailean.
Txostenaren arabera, horren arrazoia da estatuko eskariak behera egiten duela sanferminetan, baina nazioarteko eskaria handiagoa izaten dela uztailean.