“Komunitate polizia” Sanduzelain, Donibanen eta Etxabakoitzen ezarri eta gainontzeko auzoetara zabalduko dute

Euskalerria Irratia 2017ko otsailaren 9a

Argazkia: Iruñeko "komunitate polizian" izanen diren agenteak.

"Segurtasuna" bermatzeko, udaltzainek “lotura lanak” eginen dituzte auzotarren, elkarteen, Udaltzaingoaren eta auzoko zinegotzien artean. “Arazoie irtenbidea ematea” da xedea, “erantzunkidetasunaren ikuspuntutik".

“Komunitate polizia” sortzea da Iruñeko Udalaren asmoa, eta, horretarako plan pilotua ezarri du jada Sanduzelain, Donibanen eta Etxabakoitzen. Helburua: “herritarren segurtasuna bermatzea”, eta, horretarako, poliziek “lotura lanak” egitea auzotarren, elkarteen, Udaltzaingoaren eta auzoko zinegotzien artean.

Hala, auzo horietan sortzen ahal diren “arazoie irtenbidea ematea” da azkeneko xedea, Aritz Romeo Herritarren Segurtasunerako eta Bizikidetzarako zinegotziak azaldu duenez. Horretarako, “erantzunkidetasunaren ikuspuntutik" eginen dute lan, tresna  “polizia bitartekaritza” izaki. 

Udaltzainak, Civivoxetan eta liburutegietan

Patruilatzen egonen dira "komunitate poliziako" kideak auzoetan, baina baliteke gune fisiko bat ere izatea. Batzuk kaleetatik ibiltzeaz gainera, agian, Civivoxean edota liburutegian egonen dira, herritarrek haiengana jotzeko gunea izan dezaten, Romeok esan duenez. Nolanahi ere, pilotua da oraindik plana; ondorioz, ez dago zehaztua.

Bi fasetan

Hilabete batzuk Sanduzelain, Donibanen eta Etxabakoitzen plan pilotua garatu ostean, bigarren faseari ekinen diote: auzo zinegotzi bakoitzari "loturazko udaltzain bat" esleituko diote, hark zuzenean mahai gainean jar ditzan auzoko gainontzeko udaltzainek helari dizkioten "arazoak". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!