Geltoki proiektua maiatzerako prest

Euskalerria Irratia 2017ko otsailaren 8a

Proiektu honek gizarte-ekonomiari eta ekonomia solidarioari bultzada emanen dio, baita kultur jarduerei ere. 14 leihatila, bi denda, komunak, biltegiak, bulegoa eta kafetegia izanen dira bertan.

Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideek, Iruñeko alkate Joseba Asironekin, autobus geltoki zaharra bisitatu dute gaur goizean. Bertan Geltoki proiektua garatzeko egiten ari diren birmoldaketa-lanak aurrera doaz aurreikusitako epeen barruan eta maiatzean amaituta egonen direla iragarri dute.

Birmoldaketa-lanek sarrera nagusia Oliveto Kondearen etorbidean mantentzen dute. Tabernaren sarrera ere hor egonen da, eta beste ate bat gehituko zaio Tutera kaletik sartzeko. Kafetegia beheko solairuan egonen da. Aldez aurretik zeuden komunak aldatuko dira, eta leihatilen-guneko zein tabernako erabiltzaileei emanen diete zerbitzua. Nasen ondoan daudenak mantenduko dira haur-parkearen erabiltzaileendako. Hain zuzen, birmoldaketa-lanak egin bitartean jolastokiak bere horretan jarraitu du, lanak jarduera hori eten gabe egin behar zirela aintzat hartuz antolatu baitira.

Geltoki berriaren itxura

Obren diseinuan, espazioaren akaberari dagokionez, leihatila-guneak zuen itxura mantentzea erabaki da. Baldosa hidraulikozko antzinako zoruak kontserbatuko dira, eta ordezkatzekotan, zementu itxura duten apaindurazko akaberak hautatuko dira. Leihatilen diseinua ere mantentzen da. Pertsianetako batzuk aldatuko dira guztiak metalezkoak izan daitezen, eta gainontzeko hormak eta sabaiak margotuko dira, espazioa argitsuagoa izateko. Azkenik, elektrizitate-hargune berri bat jartzen ari dira leihatila-gunerako eta tabernarako, lokala aireztapen-instalazioz hornitzen ari dira, eta berokuntza aldatzen ari dira. Kanpoaldean, fatxadako arotzeria ordezkatuko da aluminiozkoa den eta zubi termikoaren haustura duen batengatik, beira bikoitzarekin. Lehen solairuko terrazak iragazgaiztuko dira, modu horretan eraikinaren inguratzaile termikoa hobetuz.

Aurrekontua

Lanak Construcciones Mariezcurrenari esleitu zitzaizkion, 683.471,63 euroan (BEZa barne). Hori hasiera batean aurreikusitako gehieneko aurrekontua baino % 14,41 gutxiago da, 798.541,46 eurokoa baitzen (BEZa barne). Birmoldaketa proiektua udaleko teknikariek idatzi dute.

Hainbat elkartek osatutako talde eragilea

Leihatila-gunearen eta tabernaren diseinuan elkarte talde batek aurkeztutako ekimena aintzat hartu da, zeinak lau gune ezberdindu ezartzea proposatzen zuen: kultur- eta gizarte-gunea, alternatiba ekonomikoei buruzko foro eta kanpainekin; azoka sozialaren gunea, produktu eta zerbitzuen erakusketa eta salmenta-postuekin; sukaldaritza-gunea, tokiko elikadura-eskola artisau eta ekologiko batekin eta bidezko merkataritzarekin; eta jarduera- eta azoka-gunea, izaera soziala, ekonomikoa eta kulturala duten ekimenekin. Kudeaketa lehiaketa publikoaren bidez esleitzea aurreikusi da.

Geltoki proiektua joan den urteko martxoan aurkeztu zuen udal erregistroan honako erakunde hauek osatzen duten talde eragileak: REAS Nafarroa elkartea, Arrea elkarte agroekologikoa, Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartea, Arte para Todos elkartea (Dormitalería 54), Artisten Auzoa elkartea, Nafarroako Fiare elkartea, Landare elkartea, Slow Food elkartea, NNPEK - Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseilua, Gaztelan fundazioa, Emauseko Trapuketarien fundazioa eta Napar Bideak S. Koop.. Gizarte-ekonomia zein ekonomia solidarioa bultzatzea eta autosufizientzia ekonomikoa dira proiektuaren helburuak, produktuen salmentari esker kultur jarduera finantzatu ahal izango baitzen, baita gizarte-ehuna sustatuko lukeen ekimen ireki eta anitz bat eraikitzea ere.

Geltokiren oinarri filosofikoak honako hauek dira: ekitatea, ingurumenaren jasangarritasuna, elkarlana, irabazi asmorik eza eta ingurunearekiko konpromisoa. Hala, Hiriko Elikadura Politikako Ituna betetzen du, 2015eko Milango expoaren harira sortutako sare bat, zeinetan ehun bat hirik parte hartzen duten, Iruña barne. Milango Itunaren xedea da elikadura-gobernantza zein tokiko elikadura-sistemak indartzea, eta elikatzeko sistema bidezkoak eta jasangarriak sortzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!