Udalak inkesta egingo du Alde Zaharreko bizilagunen artean, San Domingoko baratzeetan aparkalekua egitearen egokitasunaz Inkesta bitarte, Udalak adierazle operatiboak eskuratu nahi ditu, zeinen bitartez ezagutu Alde Zaharreko bizilagunen mugikortasun-ohiturak, dituzten arazoak, aparkalekuaren alorrean dituzten beharrak, eta hiriaren inguru horri eman al zaizkien erabilerei buruzko iradokizunak.
Azterlan hori burutzeko, telefono bidezko inkesta eginen zaie Alde Zaharreko 550 bizilaguni, CATI sistema baliatuz (telefono bidezko elkarrizketa, sigla horiek ingelesez adierazten dutenez). Alde Zaharrean 3.644 auto eta 653 motozikleta daude helbideratuta; Iruñeko auto eta motorren kopurua, guztira, 100.000tik gorakoa da.
Inkesta Udalak aurrera daraman Alde Zaharreko mugikortasunari buruzko prozesu partizipatiboan kokatzen da. Horren bitartez hiriaren Alde Zaharreko bizi-kalitatea eta mugikortasuna hobetu nahi ditu, zenbait lan-ildo garatuta udal-arloetatik, baina beti Alde Zaharreko bizilagunekin eta harekin zerikusia duten eragileekin adostasunean. Estrategiak xede du mugikortasun jasangarriagoa bilatzea, oinarrizko lau ardatzetatik abiatuta: oinezkoei lehentasuna ematea eta, ondorioz, ibilgailu motordunen zirkulazioa murriztea; zamalanak arautzea; bizikleten eta oinezkoen arteko elkarbizitza sustatzea; eta auzoko sarbideei eta auzo barruko zirkulazioari buruzko estrategiak bilatzea, batez ere garraio publikoaren eta aparkalekuen alorretan.
Azken lan-ildo horretan kokatzen da inkesta, zeina Navcomtel enpresaren laguntza teknikoarekin eginen den, 6.0000 euroren truke (BEZa aparte). Inkestak batez ere auzokideen aparkaleku-beharrak asetze aldera eginen du, betiere aintzat hartuta zati bat txandakako aparkalekurako uzteko aukera ere. Horrez gain, proiektuaren inguruan beste erabilera eta osagai batzuk hartzen dira kontuan, hala nola Alde Zaharrerako kiroldegi bat, harresiak konpontzea, irisgarritasun bertikala, erabilera turistikoak, etab.
Mugikortasuna eta bizi-kalitatea
Inkesta esanguratsua izanen da ikuspegi sozioestatistikotik, eta lagunduko du adierazle operatiboak eskuratzen San Domingoko baratzeetan aparkalekua egitearen egokitasunaz. Xede nagusi horrekin batera, beste parametro batzuk ere aztertuko dira, esaterako Alde Zaharreko bizilagunen mugikortasun-estrategiak eta -praktikak, eta horietatik eratortzen diren arazoak; gune horretan aparkalekua egitearen inguruan sor daitezkeen uste eta gogoen balorazioa; aparkalekuko plazen prezioen inguruan bizilagunek dituzten uste ekonomikoen azterketa eta dimentsionamendua; balizko aparkalekua kudeatzeko moduen definizio eta balorazioa (alokairua, salmenta, etb.), bizilagunen artean erabilera sustatu asmoz; aparkaleku-plaza kopuru jakin bat beste eredu baten arabera (txandakakoa) kudeatzearen egokitasunaren azterketa, aintzat hartuta hiriaren erdialdean sartzeko perimetroan dagoela (eta, horrenbestez, interesgarria delako enpleguarekin, aisialdiarekin eta erosketekin zerikusia duten kolektiboendako); eta, azkenik, bizilagunek identifikatzen dituzten balizko beste mugikortasun-behar batzuk identifikatu eta balioztatzea.
Alderdi horiek guztiek aukera emanen dute baloratzeko azpiegituraren beraren erabilera posibleak, eta baita ere auzoari eginen dion ekarpena mugikortasun eta bizi-kalitatearen ikuspegitik. Landa-lan datorren astean hasiko da, eta emaitzak martxoan ezagutaraziko dira.