Zuzenbide eta unibertitsate arloko 214 lagunek sinatu dute Altsasuko liskarra terrorismo delitutzat hartzearen kontrako manifestua: Josu Amezagak, Mari Luz Estebank, Jose Luis Beaumontek, Jule Goikoetxeak, Patxi Azpilagak, Joxe Aierdik eta Sonia Ontoriak, besteak beste.
Gaur goizean aurkeztu dute, eta, orain, EAEko zein Nafarroako erakundeei helaraztea da asmoa, “giza eskubideen defentsan instituzio politikoek ere ardura dutelako”, EHUko irakasle Iñaki Lasagabasterrek esan duenez.
Behatzaile objektibo eza
“Sen on minimoa daukan edozein behatzaile objektibo eta inpartzialentzat” ordu txikitako tabernako borrokaldia terrorismoa ez litzatekeela azpimarratu dute eta auzipetze autoa bera zalantzan jarri, “prozesu penaletan parte hartzen duten funtzionario eta autoritateek errespetatu behar dituzten objektibotasun eta inpartzialtasun printzipioak ez direlako errespetatzen”.
Gauzak nola diren, “susmoetan” oinarritutako auzia dela salatu dute, ez dauzkala oinarrian ”arrazoizko aztarnak”.
Zuzenbide estaturik ez
"Zuzenbide estatu bati ez dagokion zigor prozesura" da Altsasuko kasuan hartutakoa, manifestua sinatu duten 214 irakasle eta abokatuen irudiko, “erabili diren lege interpretazio eta aplikazio irizpideak urruti” baitaude “zuzentasunetik”. “Erabat neurrigabea” dira epaile eta auzotegien erabakiak.
Horregatik, kasua berriz Nafarroako epaile eta auzitegien gain uzteko exijitu dute. Iñaki Lasagabasterrek esan du gizarte demokratiko batean "nahitaezkoak" behar luketen "eskakizunetatik" aldendu dela justizia.