Bizikletak galtzadara jaitsiko ditu Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2017ko urtarrilaren 26a

Espaloitik joatea debekatu, eta errepideen erdigunetik joatea baimenduko du udaberrian onartzekoa den Mugikortasun Ordenantzak; autoek, bizikletak aurreratzeko, 1'5 metro utzi beharko dituzte.

Bizikletak galtzadara jaitsiko ditu Iruñeko Udalak, udaberrian onartuko duen Mugikortasun ordenantzari jarraiki. Debekatuta izanen dute, ondorioz, espaloitik ibiltzea. Hori bai, errepidetik mugitzea segurua izan dadin, egokitzapenak eginen dituzte eta 14 urtetik beherakoei baimenduko diete bizikletaz espaloitik joatea.

Maiatzean edota ekainean onartuko du Iruñeko Udalak Mugikortasun Ordenantza, dagokion batzordean azken ukituak emanda eta herritarren ekarpenak jasota. Oinarrian, oinezkoak. Horiek izan behar dute hiriko protagonistak. Eta, bigarrenik, bizikletak, bi gurpildun ibilgailuei egokitutako hiria sortzen ahalegintzen ari baitira udaletik, Armando Cuenca Hiri Ekologia eta Mugikortasun zinegotziak esan duenez. Horretarako, zer? Bada, bizikletak galtzadara jaitsiko dituzte, errepidetara, eta, erditik joateko eskubidea izanen dute, ez oraingo gisan; orain, eskuinetik joan behar baitute, errepidetik joatekotan.

Erdigunetik ibiliko dira ordenantza onartzerakoan, eta aurreratu nahi dituzten autoek haiekiko 1'5 metroko distantzia utzi beharko dute. Errepidetik ez ezik, bestelako izaera duten zonaldeetatik ere ibiltzen ahalko dira bizikletak: bidegorrietatik, bizikleta espaloietatik, kaleetatik, parkeetatik, pasabideetatik….

Bizikletez ibiltzea, baina seguru

Bizikleten segurtasuna bermatzeko hainbat neurri ezarriko dituzte: ziklokaleak, esaterako, hala 30 kilometro orduko muga duten karriketan bizikleten eta autoen harmonia bilatuko dute. Bestalde, bizikletei zuzenduriko semaforoak ipiniko dituzte; batzuetan, nahiz eta kotxeak pasa ezin, bizikletak ibil daitezen.

Gauzak horrela, errepidetik joatea oso arriskutsua den guneetan, soilik egokitu arte, bertatik ibiltzea baimen dezake udalak, salbuespen gisa, beti ere.

70 km orduko, ez

Abiadurari dagokionez, 50 kilometro orduko abiadurara jaitsiko dituzte orain 70 kilometro orduko abiadura duten kaleak. Gainontzekoetan 50 eta 20 edo 30 kilometro orduko abiadurak ipini nahi dituzte.

Segurtasunari dagokionez, gauzak “erraztu” egiten ditu ordenantza berriak, orain arte dagoena sinplifikatuta, Aritz Romeo Hiritarren Segurtasunerako zinegotziaren aburuz.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!