"Segurtasun neurriak betetzeko" itxi zuen Iruñeko Udalak Alde Zahareko gaztetxea. Abenduan, itxitako gaztetxera bisita egin zuten udal taldeko kide zenbaitek eta Iruñeko Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorreko zuzendari Cristina Arregik adierazi zuen eraikina mantentzen zuen egitura bera erortzeko arriskurik ez zela, bai, ordea, "zenbait elementu" jaustekoa. Adierazpenak entzun eta gero, idazkia atera dute gaztetxeko kideek, "harridura" azaldu dute eta Arregiren hitzekiko.
"Lehenik eta behin, gure harridura jakinarazi nahi dugu Cristina Arregik obren inguruan adierazitakoaren harira: azpiegitura nagusia ez zena kaltetu alegia. Gaztetxeak aldez aurretik bazekien, birritan jakinarazi zuen bestalde. Baina, gure aipuari sinesgarritasuna murriztuz, adierazi gabeko ustezko arduragabekeriaz zama-murruak (estruktura nagusiaren parte) jaurti genituenaren zurrumurrua zabaldu zen. Hori gutxi balitz, desalojoaren aferan modu berean arrazoitu zuen udaletxeak bere burua zuritze aldera. Orain, Arregik esandakoaren arabera arrazoia genuela dirudi. Berriro esango dugu ordea, konfiantzazko arkitektoaren ikuskapenpean eta udaletxearekin adostutako planoak errespetatuz aritu ginela". Horra Alde Zaharreko Gaztetxeak adierazitakoa.
Autogestioa, erdigunean
"Gaur egungo eraikineko lanak bukatzerako, udaletxeak lehiaketa publikoa deituko du gazte-espazio-autogestionatua sortzeko xedearekin. Baieztapen hau gezurtatu beharrean gaude: udaletxeak ez digu autogestioa inoiz eskaini. Areago, udaletxea legearen menpe dagoen heinean, legea hautsi ezean ezin du autogestioa eskaini. Horren jakitun, udaletxeak erdi-bideak proposatu dizkigu, kogestiotik hurbilago autogestiotik baino, autogestioa hitzaren gerizpean ezkutatu baditu ere", esan du Alde Zaharreko gaztetxeak.
"Obrak gure kabuz burutzerakoan – arkitektoaren ikuskapenpean eta adostutako planoetan oinarrituz –, barra eraiki dugunean, proiektuaren autofinantzaketa bermatzearren kontzertuak ospatu ditugunean, edota auzoko gazteria eta herri mugimenduarentzat hamaika ekimen burutzerakoan autogestioaren praktikan oinarritu gara beti; oposizio, gobernuko zenbait indar eta legediaren ustetan berriz, gure desalojoa arrazoitzeko aski delitu konplitu ditugu. Horren aurrean esan beharra dugu, autogestio ekonomikoa ezean ez dagoela autogestiorik, eta aukera hori debekatua dagoen artean, ez dugula legea haustea beste aukerarik gure proiektua defendatzeko".
Alde Zaharrari mezua
Bi mezu luztau dizkiote Alde Zaharrari, zabaldutako idazkian: bat, "ez dezala sinetsi oposizioaren hedabideek zabaldutako, eta gobernuko zenbait alderdik elikatutako, gertakizunen bertsio fazati eta difamatzailea";eta bi, ez dutela "inolaz onartuko 100%-nean autogestionatua ez den gazte espaziorik".