Auzoetan 30 obratik gora egin ditu Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 24a, 13:25

Auzoen Planaren lehen fasea amaituta, irailean aurreikusitako proiektuen %92,6 egin dituzte: : eraikin zenbaitetan hobekuntza obrak, zebrabide batzuk birkokatzea, hainbat espaloiei zoladura jartzea eta beste.

“Kalitate urbanoa hobetzea”. Horixe izan da Iruñeko Udalaren Auzoen Planaren lehen fasearen helburua, Joxe Abaurrea zinegotziak adierazi duenez. Horretarako, makina bat esku-hartze jarri ditu martxan, irailaz geroztik, 30 baino gehiago, orotara: eraikin zenbaiten hobekuntza obrak, zebrabide batzuk birkokatzea, hainbat espaloiei zoladura jartzea… Askotarikoak izan dira jarduketak. Auzo andana batean, gainera: Zabalgunean, Santa Maria la Realen, Etxabakoitzen, Donibaneb, Ermitagañab, Mendebaldeab, Sanduzelaib, Arrotxapean, Buztintxurin, Txantrean eta Alde Zaharrean.

Aurreikusitako lehen fasearen %92,8 egin dute, bost proiektu baino ez dituzte airean utzi, eta horiek ere seihileko honetan gauzatuko dituzte. Guztira, 1,5 milioi euroko aurrekontua izan du lehen faseak. Abaurreak positiboki baloratu du egindakoa, batez ere herritarren parte hartzearengatik, baita ia guztira bete dutelako irailean iragarritako plana ere.

Redin eta Cruzar jauregia, jolastokien hobekuntza...

Lehen fasea ez ezik, auzoetan bestelako obrak ere egin dituzte, proiektu osagarrientzako diru saila baliatuta. Hala, 2,3 milioi euro inbertitu ditu Iruñeko Udalak Redin eta Cruzat jauregia egokitzeko, Nicasio Landa eta Sanduzelai ikastetxeetako jolasguneak berritzeko, Mendillorrin udal eraikin berria egiteko, Concepcion Benitez kalean igogailu bat ipintzeko eta Takonerako haur parkea zolatzeko.

Ondorioz, lehen faseko zein bestelako lanak egiteko aurrekontuak aintzat hartuta, guztira 3,7 milioi euro inbertitu ditu Iruñeko Udalak.

Gauzak nola diren, lehen fasea amaituta, Auzoen Planaren bigarren faseari eutsiko diotela orain. Joxe Abaurrea Hirigintza zinegotziak azaldu du zer nolakoa izanen den hurrengo urratsa: herritarren "parte hartze handiagoa" bilatuko dute, batez ere. Bigarren fase horretarako 2,5 milioi euroko aurrekontua dauka Iruñeko Udalak.

Hiru zutaberen bueltan

Hiru zutabe dauzka auzoen plaka: ekintza komunitarioaren ereduan sakontzea; ekipamendu eta zerbitzuen egoetari erreparatzea eta kalitate urbanoa zaintzea. Lehen fasean kalitatea urbanoan zentratu ondoren, gainontzeko bietan sakonduko dute orain.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!