Auzo bakoitzean udaltzain bat egonen da "gertuko" Iruñeko Udaltzaingoa eraikitzeko

Euskalerria Irratia 2017ko urtarrilaren 23a

Argazkia: Aritz Romeo herritarren segurtasunerako zinegotzia, plana aurkezterakoan.

Iruñeko Udaltzaingoaren Zuzendaritza Planaren barruan genero indarkeriaren eta homofobiaren kontrako taldea sortzea eta auzo bakoitzean udaltzain bat egotea adostu dute.

"Gertukoa, auzotako lanean oinarritua, mugimendu asoziatiboarekin bat joanen dena eta emakumearen babesa zein bizikletaren erabilpena sustatuko duena". Halakoxea izanen da hemendik aurrera Iruñeko Udaltzaingoa, Aritz Romeo Herritarren Sertasunerako zinegotziak adierazi duenez. Eta, oinarrian, "prebentzioa", aldez aurreko lana izanen baitu ardatz.

Iruñeko Udaltzaingoaren Zuzendaritza Planaren barruan bildutako ezaugarriak dira aipatutako guztiak, izan ere, “komunitatearen polizia” da sortu nahi dutena. Hala, kalean egonen da langileen%55-60 inguru eta auzo bakoitzean udaltzain bat izanen da.

Herritarren segurtasuna "errespetuan eta oinarrizko eskubideen defentsaren testuinguruan" ulertzen duela eta "oinarrizko eskubideak bermatzeko erraminta" dela azaldu du Aritz Romeo Herritarren segurtasunerako zinegotziak, proposatutakoa "erantzunkidetasun modeloa" dela gaineratuta. 

Genero indarkeria eta homofobiaren kontrako taldea

Berrikuntzak dakartza Iruñeko Udalzaingoa eraldatzeko planak: genero indarkeriaren eta jarrera homofoboen kontrako taldea egonen da, baita herritarren arretararako unitatea ere. Horrez gainera, Biktimen Arretarako Bulegoa "indartuta" aterako da.

Barne eta kanpo lana 

Jarraituko dituzten ildoak, bost. Lehenik eta behin, udaltzainen eta herritarren arteko erlazioak jorratuko dituzte; bigarrenik, poliziaren barneko lan harremanak; hirugarrenik, langileria beraren profila; laugarrenik, bizikidetza eta bitartekaritza muinean egotea; eta, bosgarrenik, eta, azkenik, berrikuntza eta teknologia berriak txertatzea.

Aurten hasi, eta 2021ean amaituko da Iruñeko Udaltzaingoaren Zuzendaritza Plana, eta, bost urteotan, epeka txertatuko dituzte berrikuntzak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!