Gaur abiatuko dituzte berriz auzo-eztabaidaguneak Arrosadiako eta Azpilagañako herritarrekin

Euskalerria Irratia 2017ko urtarrilaren 10a

Arrosadiako Civivoxean batuko dira bi auzoetako auzokideak eta Edurne Egino zinegotzia ere bertaratuko da, herritarren proposamenak, kexak edota iradokizunak jasotzeko.

“Auzo-eztabaidaguneak elkarrizketa-guneak dira, herritarrek beren proposamenak egin ditzaten, auzoko zinegotziengandik eta Udaletik informazioa jaso dezaten, eta haiei kontsultak eta ekarpenak egin diezazkieten. Hartara, aukera ematen zaie herritarrei udala osatzen duten auzoen kudeaketan era malguago eta irekiagoan parte hartzeko. Udalak proiektu bat sustatuko du Iruñeko auzo bakoitzean partaidetzazko gune horietakoren bat arautzeko, horien bidez herritarrak udal-erabakietan inplikatu daitezen” . Horiexek dira auzo-eztabaidaguneak, Iruñeko Udalaren hitzetan. Iazko ikasturtean jarri zituen martxan eta aurtengoan ere hauspoa eman nahi izan die. Gaur izanen da lehenbizikoa, Arrosadiako Civivoxean, Arrosadiako eta Azpilagañako herritarrekin; haiekin batera izanen da Edurne Egino zinegotzia. 

2017 urteko lehen hiruhileko honetan, hamahiru auzo-eztabaidagune eginen dituzte. Urtarrileko, otsaileko eta martxoko astearte guztietan izanen dira. Urte osoan izanen dira, gainera, eta hala, 35 saioetara joateko aukera edukiko dute auzokideek.

Bilerotan, herritarren proposamenak jasoko dira. Halaber, auzoei buruzko auzi garrantzitsu eta premiazkoak jorratuko dira eta parte-hartzaileen behar eta proposamenak jasoko dituzte. Aldi berean, gune bat irekiko da online, jendeak -nork bere kasa- auzoetan egindako proposamenak osatu ahal izateko.

Gainera, bilerak sarearen bidez segitzen ahalko dira, streaming bidez emanen dituzte-eta Iruña partaidetza da YouTubeko katean

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!