Xamarren “Etxea” liburuaren aurkezpena Karrikirin

Euskalerria Irratia 2016ko abenduaren 29a

20:00etan eginen du Juan Karlos Etxegoien, Xamarrek bere liburu berriaren aurkezpena. 

Mende luzeetan etxea izan da gure gizartearen oinarrizko erakundea, hainbesteraino non etxeak eman baitie izena herritarrei. Etxea, bizitokia izateaz gain, lantegia, hilerria eta erritu tokia ere izan da, laborari munduko bizitzaren ardatz.

Euskal Herriko etxeen arkitekturak ondare gaitza osatzen du baina, harrigarriki, aski ezezaguna da. Etxeak, ugari Kultur Ondare monumentu izendaturik ere, ez daude udalek eta gobernuek ongi nabarmentzen, iragartzen eta sustatzen dituzten ikusgarrien artean: elizak, ermitak, jauregiak, dorretxeak… alta, hauek guztiak baino askoz ondare zabalago eta herritarragoa eratzen dute.

Liburu honetan, etxearen historia azaltzeaz gain, beharrak, klimak, baliabideek eta arte estiloek sorturiko etxe eredu nabarmenenak erakusten dira, Herrian barna ikus daitezkeenak bereizten, ezagutzen eta ulertzen laguntzeko. Bai eta etxe izenen bidez ohartarazteko, bidenabar, eraikinak desberdinak badira ere, dagokien kultura ber-bera dela Zuberoatik Bizkaira eta Lapurditik Nafarroara: Euskararena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!