Iruñean eginen da IkerGazte kongresua maiatzean, UEUk eta NUPek antolatuta

Euskalerria Irratia 2016ko abe. 14a, 19:13
Iñaki Alegria, Patxi Salaberri, Imanol Nuñez, Olatz Perez de Viñaspre eta Aritz Iribas gaurko aurkezpenean.

Maiatzaren 10, 11 eta 12an eginen da kongresu honen bigarren edizioa. Ekarpenak bidaltzeko epea irekita dago otsailaren 28ra arte. 

UEUk “IkerGazte: Nazioarteko ikerketa euskaraz” kongresuaren bigarren edizioa aurkeztu du gaur goizean Katakrak liburu dendan.  Bertan Iñaki Alegriak, UEUko zuzendariak; Imanol Nuñezek, NUPeko Hizkuntzen goi-mailako institutuko zuzendariak, Olatz Perez de Viñasprek, IXA taldeko ikergazteak eta Patxi Salaberrik, NUPeko katedraduna eta kongresuko arduradunak.

Proiektu honen helburua ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna areagotu, beraien arteko ezagutza sustatu eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzea da. Kongresua NUPekin elkarlanean antolatuko dute eta Iruñean eginen da maiatzaren 10, 11 eta 12an. Ekarpenak bidaltzeko epea irekita dago.

Informazio guztia: www.ueu.eus/ikergazte

 

Iñaki Alegriak erakundearentzat egitasmo honek duen garrantzia azpimarratu du: “UEUren helburu garrantzitsuenetako bat izan da bere hasieratik euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikerlariak hain sakabanatuta egonda. Ildo horretatik, UEUk hainbat arloko adituak bildu izan ditu hainbat ekimenetan azken hamarkadetan: Informatikari Euskaldunen Bilkura (10 edizio) da, besteak beste, horren adibide argia. Gaur egun ikertzaile euskaldunak inoiz baino gehiago dira, eta beraien arteko eta lanen ezagutza bideratzeko asmoz antolatu genuen 2015ean lehen aldiz IKERGAZTE kongresua Durangon. Bertan 200 ikertzailek parte hartu zuten, eta argi geratu zen horrelako foro bat behar zela. Hori dela eta, bi urtetik behin antolatzea erabaki genuen. Bigarren edizio hau antolatzen hasi ginenean argi genuen Nafarroan izan behar zuela, eta pasa den urtean sinatu genuen elkarlan hitzarmena dela medio, Nafarroako Unibertsitate Publikoa bidelagun  ezin hobea dela pentsatu genuen. Honetaz gain, espero dugu aurreko edizioko laguntza eta babesa izatea, batez ere gainontzeko unibertsitateena”.

 

Imanol Nuñezek, NUPeko Hizkunten goi-mailako institutuko zuzendariak UEUren bitartekari lana azpimarratu du eta elkarrekin pausoak emateko garrantzia: “Euskararen erabilera eta garapena unibertsitatearen testuinguruan ez da askotan erraza. Alde batetik, mundu akademikoa eta zientifikoa etengabe aldatzen da, eta aurrerakuntza teknologikoak eta zientifikoak, askotan, hizkuntzaren garapenaren aurretik doaz. Beste aldetik, irakasle unibertsitarioen karrera profesionala beste hizkuntzetan egiten denez, ez da erraza euskarak garatzeko beharrezko dituen giza baliabideak topatzea. Testuinguru honetan, erakundeen arteko elkarlana da aurreko erronkei aurre egiteko bide bakarra. Euskararen garapenean ematen diren pausoak bata bestearen atzetik jarri behar dira, eta horretarako bai unibertsitateek eta baita administrazioek ere sareak osatu behar dituzte, guztion lanak koordinatzeko eta indartzeko. Testuinguru horretan kokatuko nuke NUPen eta UEUren arteko elkarlana eta IKERGAZTE kongresua”.

 

Olatz Perez de Viñasprek, IXA taldeko ikerlariak eta UEUko kideak, IKERGAZTE  terminoaren esanahia eta Kongresuaren helburuak azaldu ditu: “IkerGaztek ikerketa ibilbide gaztea adierazi nahi du, hau da, tesia bukatzen edo doktoratu ostean lanean ari diren ikertzaileei egiten die erreferentzia. Izenaren bigarren zatiak, berriz, ikertzaile euskaldunek egiten duten ikerkuntzari egiten dio erreferentzia. Hau da, nazioartean erreferentziatua eta balioztatua denari, alegia. Kongresu honekin ikerkuntza horri bidea eman nahi diogu euskaraz. Helburuei dagokienez, hiru dira lortu nahi ditugunak: Ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna handitzea; Ikerlarien arteko harremanak sendotzea eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzea”.

Euskara erdigunean jartzeko aukera bikaina dela ere esan du Perez de Viñasprek: “Kongresua Euskal Herriko ikerlarien komunitatea saretzeko abiapuntu bikaina da. Horretaz gain, euskara ikerketa munduaren erdigunean kokatzeko balio du. Izan ere, Iñakik esan bezala, inoiz baino ikerlari euskaldun gehiago ditugu, gazte gehienok euskaraz ikasi baitugu, eta hori nolabait agerian utzi beharko genuke. Gainera, ikerketa ororen emaitzen azken jasotzailea gizartea izanik,  beronen dibulgazioa egiteko ohitura hartu beharko genuke, eta gure kasuan, euskaraz. Azkenik, ikerketa munduan hasi berri garenontzat, harremanak egiten hasteko, etorkizuneko proiektuetarako ideiak eta proiektuetarako lankideak lortzeko gune ezin hobea da. Zirraragarria izan zen IKERGAZTEn parte hartzea. 200 ikerlari gazte hiru egunez elkarrekin egotea ederra bat izan zen, eta denak euskaraz entzutea... ikaragarria! Giro paregabea sortu zen bertan, eta hurrengoa egiteko irrikaz atera ginen gehienok. Eta badator bigarrena!”.

Patxi Salaberrik, NUPeko katedradunak eta kongresuko arduradunak IKERGAZTE kongresuko koordinatzaileak egitaraua eta ekarpenen deialdiaren berri eman du: “Iñakik aipatu duen moduan, IKERGAZTE proiektu handia da, eta hori antolatzeko Euskal Herriko Unibertsitate eta ikerketa talde desberdinetako luxuzko aditu taldea dugu bidelagun (ikusi zerrenda oharraren bukaeran). Ikertzaileentzat ez ezik, kongresua ikertaldeentzat ere oso interesgarria izango da elkarlan berriak egin ahal izateko, jende berria beren taldera erakartzeko zein euskaraz aritzera motibatzeko. Kongresua hiru egunetakoa izango da barnetegi moduan, elkar ezagutza errazteko asmoz. Hau da, gure helburua da parte hartzaileek hiru egunak Iruñean pasa ditzatela / parte hartzaileek hiru egunak Iruñean pasa ditzaten nahi dugu (lotarako ere), eta, horretarako, alor akademikotik haratago ere ekintzak prestatuko ditugu. Programa akademikoari dagokionez, egitarauan lau saio mota egongo dira: hitzaldi orokorrak, ahozko komunikazioak, posterrak eta tailerrak”.

Hitzaldi orokorrak: parte hartzaile guztien interesekoak, ikerketari orokorrean, edo euskarazko ikerketari, edo baliabide orokorrei lotutako hitzaldiak izango dira.

Ahozko aurkezpenak eta posterrak: Ikertzaileek aurkeztutako ekarpenak azaltzeko egingo dira. Beraz, bertan, tesiak eta tesinak (bukatuak zein bidean daudenak), bukatutako proiektuak (emaitza zehatzak dituztenak),  ondorengo ikerkuntzan landuko diren proiektuak (doktoregoa lortu osteko ikerkuntza).
Bilkura ez-espezializatua izanik ez da (oso) testu edo aurkezpen espezializaturik eskatuko.
Bost jakintza arloetan banatutako aurkezpenak izango dira, paraleloan programatuko direnak.
Ahozko eta posterretako programa arlokako batzordeek erabakiko dute.

Tailerrak: Tailerrak izango dira jakintza-arloen arteko harremanak lantzeko tresna. Mahai-inguru, ekintza praktiko zein hitzaldi motakoak izango dira.

Kongresurako ekarpenak egiteko epea otsailaren 28ra arte dago zabalik: “Ikerkuntza proiektu baten emaitzak ezagutarazi nahi dituzu? Zatoz! Tesia bukatzear edo bukatu berri duzula eta zure emaitzen berri eman nahi duzula? Zatoz zu ere! Nazioarteko mailako ikerkuntzaren berri euskaraz eman nahi dugu. Ez ezazu aukera gal!”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!