Ugalketa

Euskalerria Irratia 2016ko azaroaren 23a

Iratiko likenak eta Ultzamako onddo beltzak, Urbasa inguruko iratze landareak eta Arga bazterretako makalak...

hala nola nonahiko ur putzuetako ameba, abaraskako erle eta baratzeko barraskiloak, eta baita Amazonas ibaiko pirañak eta Takonerako txolarreak ere, hala nola hemengo eta hango triku, katu, sardina, izurde, saguzar, txangurroak, eta gure etxeko armiarmak ahaztu gabe noski, gu guztiok barne, esan nahi baita, bizidun guztiok ekintza edo mekanismo natural batetik gatoz, zeinari esker, gutariko bakoitza izateaz gain, espezie ororen iraupena ziurtatzen baita, betiere kanpoko kataklismorik izan ezean, noski. Dei diezaiogun aipatu ekintza aparteko horri… ugalketa. Gauzak hola, ugalketa organismo berrien sorkuntza da, aldez aurretik zeuden organismoetatik abiatutakoa, hain xuxen. Bestela esanda, bizidunen diseinatze eta ekoizte edo fabrikatze prozesua besterik ez da ugalketa, zeinaren lehengaia biziduna bera baita, progenitorea, alegia. Delako hitza, progenitorea, genitor, genitoris (aita zein ama), pro (aurrerantz) eta tor (eragile) latinetik dator, eta hark adierazi nahi du bizidunek ugaltze sexuala zein asexuala bitartez sortzen dituzten kide berriak, justuan, beren aurrekoen edo gurasoen herentzia genetikoaz jabetzen direla. Beraz, bizidun oro determinatuta gaude hein handi batean, nahi eta nahi ez. Baina orain mintza gaitezen geure espezieaz, gizateriaren ugalketaz. Ugalketa hain ikaragarri handia izan da gizakia gizaki izan denetik hona, gaur egun, 7.350 miloi pertsona inguru bizi baikara gure planetan; erdiak, gainera, hiri-eremuetan biziz. Anitz al gara, gutxi? Ez anitz ez gutxi? Eta garenok, jain justu, modu orekatu batean bizi al gara dagokigun biotopoan? Eta, batik bat, zer-nolakoa da aspaldi luze hartatik hona planeta etengabe kolonizatzen  joan den gizateria gurea, gaur egungo giza multzoa? Gai honetaz ezagutza dutenek diotenaren arabera, neurriz gaineko ugaltzearen medioz gain-populatuta dago gure planeta, zenbait ingurune geografikotan behar den indibiduo-kopuruaz gorako kopurua bizi delako, ur-lurrak gain-ustiatuz eta gain-kontsumituz. Horra, segituan, kontraesan azpimarratu beharrekoa: zenbat eta garatuago izan gizartea, orduan eta kide gutxiago izan ohi dute familiek. Zenbat eta txiroago, orduan eta kide gehiago. Adibidez, Euskal Herrian, jaiotze-tasa 1,3koa da.  Afrikakoa, berriz, 7,6koa. Bada aldea ezta? Ugaltzearena, nola hartzen dugun, giza-ohituratzat ere jo genezake. Izan ere, ohitura hori  antzina-antzinakoa da gero! Baiki, zeharo ohitu egin gara ugaltzera; emakumea izaki, hain xuxen ere, ohitura horren protagonista nagusi, berari egokitu baitzaio, zer eta bizia ematea. Haietako batzuk nahita ugaritzen dira. Bestetzuk, aitzitik, behartuta, gizonezkoaren kapritxoz eta aginduz. Hainbatek, berriz, uko egiten diote ugaltzeari, arrazoi ezberdinak direla medio. Garbi dago, halere, ugalduz segituko duela gizakiak aurrerantzean ere, usadio beti berdineko abereak baikara. Abere egoskor eta, maiz askotan, buru gabekoak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!