8-80 plataformak eskaerak egiten segituko du. Oraingoan, ez bakarrik bidegorri gehiago eskatzeko edo bizikletaren gainean ibiltzen diren horientzako bide duinak eskatzeko.
8 urteko haur batek eta 80 urteko adindu batek Iruñea oztoporik gabe, mugarik gabe zeharkatzeko aukeraz mintzo dira. Mugikortasun plan osatua beharrezkoa dela uste dute. Pausoak eman dira, baina, asko dago egiteke.
Aldarrikapen horiek guztiak larunbatean eginen dituzte Bizifestazioan. 8-80 plataformakoekin batera, Ibili elkarteak ere babestu du larunbateko ekitaldia. Ezintasun fisikoa dutenei babesa ematen dien elkartea da. Gurpildun aulkian Iruñea zeharkatzearen zailtasunak plazaratuko dituzte.
12etan irtengo da bizifestazioa larunbatean. Baina goizean, bestelako festa giroko ekimenak ere antolatu dituzte.