Itsas-bidaia baten istorioa kontatzen da Sîpo Phantasma filma berezian. Hemen ikusten dena collage bat dela esan daiteke: liburu-zatiak, eskutitzak, txostenak, iragarkiak, telegramak, prentsako artikuluak, film-zatiak, txotxongiloak… Banpiroak dira protagonistak, eta Drakula nobela erdigunea. Koldo Almandoz da zuzendaria eta Txintxua films etxeak egin du ekoizpena.
Sîpo Phantasma Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, Zabaltegi atalean eta geroztik hainbat zine jaialditan parte hartu izan du hala nola Rotterdam, Bafici, Cali edo Zinebi. Datorren astean Sîpok berriro maletak egin eta Florentziara eginen du bidaia, ondoren Durangoko Azoka izanen du hitzordua abenduaren 3an eta jarraian India aldera joko du.
Sîpo Phantasma filma jatorrizko bertsioan eskainiko da gaur 20:00etan Golem Baionan, euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin. 67 minutuko filma ikusi ondoren solasaldi bat eginen da Koldo Almandozek bera gidatua. Sarreraren prezioa 5 eurokoa izanen da.