Udalaren jantokiak 18.250 otordu baino gehiago emanen ditu

Euskalerria Irratia 2016ko azaroaren 9a

18 eta 64 urte arteko herritarrei ematen die jatekoa. Egoera ekonomiko larria bizi duten bizilagunak dira. 18.250 bazkari eta afari, eta 12.775 gosari banatuko ditu.

Heldu den urteari begira aurreikuspenak egin dituzte udalarena den jantokian: 18.250 bazkari eta afari, eta 12.775 gosari emanen dituzte. Egoera ekonomiko zailean bizi diren herritarrak joan ohi dira jantoki horretara. 18 eta 64 urte artean dituzte eta oinarrizko beharrak asetzeko adina diru ez dute izaten.

177.463 eurotan lizitatu dute berriz kontratua. Azaroaren 18 arte aurkeztu daiteke lehiaketa horretara.

Navarreria kaleko 31.ean dago ‘Oscus 0,50’ izeneko jantokia. Iruñeko Udalaren zerbitzua da. Astelehenetik igandera eskaintzen du jatekoa behar gehien dutenak asetzeko helburuz.  

226 bizilagun artatu dituzte 2015ean

0,50 euro ordaintzen dute otordu bakoitzeko ‘Oscus 0,50’ jantokian. 2015ean 226 erabiltzaile desberdin izan zituen: 13.184 bazkari, 9.225 afari eta 2.571 gosari banatu zituzten. Jantoki horretara hurbiltzen diren gehienak %78 gizonak dira; %54 Nafarroan jaiotako bizilagunak; ezkongaiak dira %45 eta %53k ez du prestaziorik jasotzen. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!