Iruñeko udaltzainak urdinez joanen dira aurrerantzean irudi "atseginagoa" izateko

Euskalerria Irratia 2016ko azaroaren 3a

> Mauka luzeko 900 polo erosteko 27.441 euro bideratuko ditu udalak.
> Kolore urdinekoak izanen dira janzkiak, Europar Batasunak aholkatzen duen gisan.

169.000 euroko aurrekontua dauka Iruñeko Udalak Udaltzaingoaren uniformeak berritzeko, eta bertatik hartuko du oraingo saila ere: 900 polo urdin erosiko dizkie agenteei, 27.441 euro inbertituta. Berrikuntza: urdinak izanen dira oraingo uniformeak.

Gainera, orain arte bezala, euskaraz eta gaztelaniaz izanen ditu inskripzioak, baina bada aldaketa bat: tamaina berean egonen dira bi hizkuntzak, lehenengoz; alegia, euskara gaztelaniaren tamaina berean irakurtzen ahalko da.

Europar Batasunak aholkatzen du Udaltzaingoaren uniformea urdina izatea, eta hala eskatu dute udaltzainen sindikatuek ere.

Polizia, "atseginagoa eta hurbilagoa"

Iruñeko Udalak "gertutasunean oinarritutako Udaltzaingoaren irudi atsegina" lortzeko aldatuko ditu uniformeak, baita Nafarroako gainontzeko udaltzaingoen imajinarekin parekatzeko ere.

Summun Equipamientos S. Coop enpresak ekoiztuko ditu poloak. Heldu den urtean, gainera, mauka motzeko kamisetak, 450 jantzi polar eta 450 txamarreta berri ere emanen dizkiete.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!