Haur Eskolen Erakunde Autonomoak Udalaren zortzi eskolatan bilrmoldaketa-lanak eta egokitzapenak egiteko programa bat aurkeztu du asteazkeneko Gobernu Batzordean, Haur Hezkuntzaren lehen zikloa arautzen duen 28/2007 Foru Dekretuan jasotakoari egokitzeko.
Programa datozen lau urteetan garatzea aurreikusten da, eta 2,3 milioi euro erabiliko lirateke birmoldaketa-lanetan. Horretarako zenbait haur-eskola aldi baterako itxi beharko lirateke ikasturtearen zati batean zehar, eta haurrak beste zentro batzuetara eraman beharko lirateke obrak egin bitartean. Kopuru horrek halako 20 baino gehiago joko du Iruñeko Udalak Haur Eskolen sarean 2011-2015eko aldian egindako inbertsioa, orduan 105.433 euro inbertitu baitziren hobekuntza-lanetan, eta horrek ez zuen berekin ekarri zentroek foru-legedian jasotakoa betetzea.
Hala nabarmendu du prentsaurrekoan Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkari eta Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko presidente Maider Belokik. Berarekin batera erakundearen kudeatzaile Alfredo Hoyuelos eta Hiri Kontserbazioko eta Proiektuetako Alorreko zuzendari Cristina Arregi izan dira. Belokik aurreratu du birmoldaketa-lanak egiteko 2 milioi euro baino gehiagoko aurrekontuaz gain, plan honek 2,5 milioi euroko inbertsio proposamen gehigarri bat jasotzen duela Lezkairun haur- eskola berri bat eraikitzeko (tokian bertan eraikia edo modularra), eta horrek Rotxapea HE behin betiko ixtea ekarriko luke, konpontzeko zailak diren egitura-arazoak baititu.
Iruñeko Udala Haur Eskolen Erakunde Autonomoa osatzen duten hamabi haur-eskolen titularra da. Horietako lauk araudia betetzen dute eta zortzik, ez. Eta legedia ez betetzeak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren diru-laguntza jasotzea arriskuan jartzen du, baita eskolen irekiera bera ere. José María Huarte, Hello Buztintxuri, Hello Azpilagaña eta Printzearen Harresi haur-eskolek 28/2007 Foru Dekretuan jasotako baldintzak betetzen dituzte. Baldintza horiek betetzen ez dituzten zortzi zentroetako hirutan (Goiz Eder, Izartegi eta Mendillorri), legeak ezartzen dituen baldintzak betetzeko obrak , eskola itxi beharrik gabe egin daitezke, hezkuntza-jardunak bere horretan segitzen duela.
Beste bost eskoletan (Rotxapea, Haurtzaro, Hello Egunsenti, Donibane eta Mendebaldea) egin beharreko birmoldaketa-lanak garrantzitsuagoak dira, eta hortaz, aurrekontu partida handiagoa eta obrak egiteko epe luzeagoa behar dute. Rotxapea HEko egitura arazoak konpontzeko zailak dira eta kostu altua dute, horregatik, ez dira gauzatuko. Beraz, datozen urteetan haur-eskola gisa itxi ahalko litzateke eta eraikina herritarrei beste hezkuntza-zerbitzu batzuk eskaintzeko erabili.
Beste lau eskoletan egin beharreko obrek sei hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da. Hortaz, eskolak itxi beharko dira eta matrikulatutako haurrak, ikasturtearen zati batean zehar, beste zentro batzuetara eraman. Aurrekontuari dagokionez, erakunde autonomoak 500.000 euroko partida bat du urteko eskoletan berregituratze- eta birmoldatze-lanak egiteko. Lan horien garapen planaren arabera, kopuru hori handitu beharko litzateke hurrengo ekitaldietan.