Energia-pobreziari buruzko lehen azterlana prestatzen ari da Iruñeko Udala

Euskalerria Irratia 2016ko urriaren 21a

Kalkuluen arabera, Iruñean 29.000 pertsona daude egoera horretan. Asmoa da familia horiei negu honetan "zuzenean" ematea laguntza.

Iruñeko Udala hiriko energia-pobreziari buruzko lehen azterlana prestatzen ari da, eta aurreikuspenen arabera otsailerako amaituta egonen da. Helburua da, arazo honetaz bezainbatean, lehenengo eta behin Iruñeko egoeraren mapa bat edukitzea, eta gero azterketa sakonagoak egitea energia-pobreziaren ezaugarriak eta mailak ezagutzeko, arazo honen gainean diagnostiko osoa egite aldera, eta horrela ahalbidetzea orain gauzatzen ari diren neurrien jarduketa-neurri osagarriak ezartzea.

Azterlan hau da, hain zuzen, Iruñeko Udala energia-pobreziaren inguruan abiatzen ari den ekimenetako bat. Halaber, urteko azken lauhileko honetan, azterlan juridiko bat abiatu da, energia elektriko berriztagarria merkaturatzeko udal-enpresa bat martxan jartzeko. Aurreikusita dagoenaren arabera, 2018an hasiko da jardunean. Horrez gain, Udalak, Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko Alorraren eta Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko Alorraren bidez, prestakuntza-lantegi bat antolatu behar du energia aurrezteari buruz. Lantegia prekarietatean eta energia-ahultasunean bizi diren familiei zuzentzen zaie, xede harturik aholkuak ematea fakturen irakurketaz edo etxeetan zein kontsumoetan egin daitezkeen hobekuntzez.  Azken xedea da 2017an finkatzea familia horiei zuzenean laguntza emateko zerbitzu bat.

Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak eta Udaleko Energia Berdearen zerbitzuko arduradun Joël Dozzik eman dute prentsaurreko batean Udala arazo hau gutxitzeko hartzen ari den neurrien berri; izan ere, energia-pobreziaren arazoak, NUPen Berdintasunerako eta Gizarte Integraziorako Ikerketa Katedrak emandako datuen arabera, 96.000 laguni eragiten die Nafarroan.

Bi soziologo, energia-pobrezian eta etxebizitzan adituak

Datu zehatzik ezean, kalkulatzen da 29.000 lagun ingururi eragiten diola arazo honek Iruñean. Azterlana irailean hasi da egiten, eta 2017ko otsailerako amaituko da. Besteak beste, parametro objektiboak ezarriko ditu, hala nola diru-sarrerak, gastuak, etxebizitzen kalitatea, banaketa geografikoa, generoa, lan-egoera, familia-motak eta etxebizitzako kideen osasun-egoera, bai eta subjektiboak ere, esaterako konfort-maila, sufrimendu-maila eta Udalarekiko harremana. Horiek guztiek, izan ere, zedarritzen dute tokian tokiko energia-pobreziaren egoera. Aztertuko diren kasu gehienetan, familiaren diru-sarreren % 10 baino gehiago erabiltzen da energia-gastuak ordaintzeko.

Otsailean ezagutuko dira azterlanaren ondorioak, eta horien arabera zedarrituko dira gauzatu beharreko politikak eta neurriak. Udala energia-pobreziaren eta etxebizitzaren gaietan adituak diren bi soziologorekin ari da lanean azterlana egiteko: Ion Martínez Lorea eta Laureano Martínezekin, eta biek Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin dute lotura. Azterlanaren kostua, kalkuluen arabera, 5.800 euro izanen da.

Zuzeneko laguntza-zerbitzua energia-pobreziaren egoeran dauden familientzat

Bestalde, Iruñeko Udalak, Energia Berdearen zerbitzuaren eta Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko alorraren bidez, eta Alaiz kolektiboarekin elkarlanean, hainbat ekimen antolatu behar ditu azaroan, jendea baliabideak eta energia optimizatzeari begira hezteko. Administrazio- eta kudeaketa-lantegi bat eginen du, diru-baliabide eskasak eduki eta sozialki ahuldade-egoera larrian bizi direnei zuzendurik, haiei behar besteko tresnak emateko ekonomia berrantolatu eta baliabideak optimizatu ditzaten.

Programa horren beraren barruan, bi saio eginen dira, Ingurumen Heziketako Museoan, eduki zehatzagoak lantzeko. Azaroaren 9an, asteazkenarekin, jarraibide batzuk emanen dira energia aurreztu eta eraginkortasunez erabiltzeko, fakturak irakurri eta zuzen interpretatzeko eta energia-ikuskaritzei buruz. Astebete geroago, azaroak 16 dituela, banakako aholkularitza-saioak eginen dira, elkarrekin aztertzeko energia-ikuskaritzen datuak, fakturen irakurketa eta interpretazioa, zalantzak eta beste zenbait kontu praktiko.

Alaiz kolektiboa irabazi-asmorik gabeko entitatea da, eta, 60ko urteetatik hona hezkuntza ez arautuaren esparruan ari da lanean, animazio soziokulturalean. Gizarte eta hezkuntzako proiektuak egiten ditu, aukeren berdintasuna eta gizartearen parte-hartzea oinarrizko ardatz hartuta, helduen bizi-kalitatea hezkuntzaren bitartez hobetzeko helburuz.

Halaber, Energia Berdearen zerbitzuaren eta Udaleko auzo-unitateen arteko elkarlana sendotu nahi dugu, 2017an finkatze aldera energia-pobreziaren egoeran bizi diren familiei zuzenean laguntza emateko zerbitzua, saio gehiago eginda fakturak irakurri eta interpretatzeari buruz, eta zerbitzuan egin daitezkeen hobekuntzak gauzatuz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!