Oinezkoak, bizikletak eta garraio publikoa lehenesteko eskatu diote Iruñeko Udalari

Euskalerria Irratia 2016ko urriaren 14a

Argazkia: 8-80 Plataformako kideak, aurkezpen prentsaurrekoan.

8-80 plataforma herritarra aurkeztu berri dute, Iruñeko Udalak orain gutxi aurkeztu eta geratutako Mugikortasun Plana indarrean jar dezan.

8-80 plataforma herritarra aurkeztu berri dute, baita manifestua kaleratu ere. Helburua: Iruñeko Udalak orain gutxi aurkeztutako Mugikortasun Plana indarrean jar dezan.

Izan ere, hainbat urrats egin ostean, planak barnebiltzen zituen puntu zenbait bertan behera geratu dira, UPNk aurkeztu eta PSNk eta Geroa Baik onartutako proposamenaren ondorioz. EH Bildu abstenitu egin zen. Ezkerra eta Aranzadi aldiz, erregionalisten proposamenari aurre egin zioten, eta planak bere horretan segitzeko eskatu. Nolanahi ere, aldeko botoak gehiago izan ziren.

Ingurumari horretan, lau eskaera egin ditu 8-80 plataformak. Lehenengoa, arautegia berritzeko "oinezkoak babestuz espaloietan, sensibilizatuz, baina irmoki". Bigarrena, autobideetan "aukera berriak" sortzeko autobus eta bizikletentzat. Hirugarrena, garraio publikoa "suspertzea", "ibilbide berriak planteatuz, prezioak berraztertuz eta autobusaren maiztasuna ugarituz". Azkena: udal talde guztiek Mugikortasun Plana babesteko.

"Premia" dago

8-80 plataformak esan du "premiazkoa" dela udalak bestelako mugikortasun politika garatzea, "oraintxe" baita unea, manifestuan adierazi dutenez. Era berean, politikan aritzeko "ausardia" galdegin diete udal talde guztiei.

"Txirrindulariekiko despotismoa" salatu du Jesus Sukunza 8-80 plataformako kideak, eta Mugikortasun Plana geratu izana "bidegabea" izan dela esan. "Dena txirrindularientzat, txirrindularirik gabe". Hala aritu da udala, haren hitzetan.

Manifestazioa, bizikleta gainean

Halaber, manifestazioa iragarri dute: urriaren 18an, arratsaldeko 19:00etan, Iruñeko udal plazatik abiatuko dira, bizikleta gainean-

Horrez gain, "mugikortasun jasangarriaren alde" aktibitate gehiago prestatuko dituzte: esaterako, Pio XII. kalean bidegorria jartzearen aldeko kanpaina abiatuko dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!