Informazio hori Nafarroan epe historiko horren gainean orain arte argitaratutako datu-kopuru handiena da, eta ikertzaileen nahiz herritarren esku daude doan eta era librean, Foru Gobernuko artxiboen atariko bilatzailearen bidez (www.archivoabierto.navarra.es).
Soldaduen fitxategia
Altxatutako bandoko soldadu nafarren fitxategia nabarmentzen da funts honetan.
Fitxategi hori 1937 eta 1940 artean osatu zen Nafarroako Foru Aldundiak eta Probintzialak eskatuta, altxatutako bandoan sartutako boluntario eta soldadu guztien erregistro izendun bat lortzeko asmoz. Aldundiak udal guztiei agindu zien altxatutako bandoan armak hartu zituzten soldatu guztien gaineko fitxak osa zitzatela. Horretarako, udalerri guztietan banatzeko eredu bat prestatu zen, eta informazioa osatzeko erari buruzko agindu zehatzak eman ziren.
Borrokan hildako soldaduen fitxak egin eta igorri behar ziren tokiko agintariek beren herritarrak gerrako frontean hil zirela jakiten zutenean. Bestalde, bizirik ateratako soldaduen fitxak gerra amaitzean osatu behar ziren, eta horrek azaltzen du azken horiek Diputazioan jaso izana 1939 eta 1940 artean. Fitxak aztertu ostean ondorioztatu daiteke soldaduen % 44 soldadutzara deitutakoak izan zirela; % 40 boluntario erreketeak eta % 16 boluntario falangistak. Zerrenda hauek erakusten dute Nafarroako 262 herritako soldatuak izan zirela. Iruñetik 2.342 gizonen fitxak daude, Tuteratik 1.226, Baztanek 907 soldadu jarri zituen, eta atzetik datoz Lizarra (729), Tafalla (635) eta Deierreiko ibarra (574).
Erantzukizun politikoen epaiak
Interneten argitaratutako bigarren multzo dokumentala Nafarroako Politika Erantzukizunen Eskualde Epaitegiak Mugimendu Nazionaleko aurkarien kontra emandako epaiak dira.
Serieak 1.538 epai ditu, 1939 eta 1942 artean eman ziren eta hiru liburuki marduletan koadernatuta daude. Errepresioaren testigantza modura duen balioa apartekoa da, epaiei dagozkien espediente judizial asko ez baitira gorde.
Artxibo Irekian argitaratutako epai judizialak iturri dokumental zehatzenetakoak dira Nafarroako eta Gipuzkoako errepresio frankistaren garrantziaz jabetzeko gerra Zibilaren amaieran. 1939ko otsailean honako hauen erantzukizun politikoa adierazi zen: 1934ko urriaren 1etik aurrera ezarritako ordenaren iraultza areagotzen lagundu zuten pertsonena eta uztailaren 18tik aurrera Mugimendu Nazionalaren kontra jo zutenena egintza zehatzekin edo pasibotasun larria erakutsiz. Lurralde Auzitegi baten egoitza diren beste hiri batzuetan bezala, Iruñean Erantzukizun Politikoen Eskualde Epaitegi bat sortu zen Nafarroan eta Gipuzkoan jurisdikzioa izanik, eta gordeta dauden 1.538 epai eman zituen. Izan ere, epai horien ehuneko handi bat, 940 zehazki, Gipuzkoako gizon eta emakumeen aurka emandakoak izan ziren. Epaimahaia lehendakari gisa aritzen zen armadako buru batek osatzen zuen, ibilbide judizialeko funtzionario batek eta Espainiako Falange Tradizionalistako eta JONSetako abokatu militante batek.
Lege horrek hiru zigor-talde ezarri zituen erantzukizun politikarengatik zigortutakoei: jardueraren zigor murriztaileak edo inhabilitaziokoak; egoitza-askatasuna mugatzeko zigorrak, esaterako: atzerriratzea, kanporatzea, konfinamendua edo jabetza afrikarrak baztertzea; eta azkenik, zigor ekonomikoak, isunak edo ondasunak konfiskatzea, adibidez. Epai guztietatik, 1.341 zigortzekoak dira eta 251 absoluziozkoak.