Paperontzi gehiago jarriko ditu Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2016ko urriaren 13a

Udalak 86 paperontzi berri paratuko ditu, handiagoak eta irisgarriagoak, eta 49.416 euro erabiliko du horretan.

Udalak asmoa du paperontziak berritu eta paperontzi gehiago paratzeko Alde Zaharrean, Zabalguneetan eta berdeguneetan. Paperontzietako zenbaitek plastikoak ere birziklatzeko aukera ematen dute. Udalak 49.416 euro inbertituko ditu berriagoak eta irisgarriagoak izanen diren 86 paperontzietan. Inbertsio horren bidez, Udalak egoera txarrean dauden paperontziak ordeztu nahi ditu, paperontzi gehiago paratu, paperontzi gutxiegi dauden kaleetan, eta paperontzi handiagoak jarri, hondakin gehiago sortzen dela non hauteman eta toki horietan.

Horrez gain, ekimen honen bidez herritarrak kontzientziatu nahi ditu Udalak, eta herritarrei erraztasunak eman nahi dizkie plastikozko ontziak birzikla ditzaten. Horretarako plastikozko hondakin gehiago metatzen den tokietako batean, Gazteluko plazan, ontziak eta gainerako hondakinak bereizita botatzea ahalbidetuko dituzten paperontziak paratuko dira. Ekimen honi esker, % 15etik gora handituko da Alde Zaharrean dauden paperontzi apaingarrien kopurua. Lehen aleak urriaren bigarren hamabostaldian instalatuko dira, eta gainerakoak azaroan eta abenduan zehar.

60, 80, 120 eta 130 litroko paperontziak, aldeen arabera

Alde Zaharra berrurbanizatzeko lanak egiterakoan, sortzen diren hondakinetarako edukiera askirik ez duten paperontziak jarri zituzten, bira-uhal distiranta batzuez hornituak. Bira-uhal horiek hondatu dira, eta orain ez dago haien ordezkorik. Horregatik paperontzi horietako hamaika ordezkatuko dira, haien lekuan 60 litroko paperontziak jarrita. Egoera onean daudenak, berriz, paperontziak gutxiago erabiltzen diren hiriko beste zenbait tokitara aldatuko dira. Modelo berri bereko beste 14 paperontzi jarriko dira egun paperontzirik ez duten hainbat kaletan. Alde Zaharreko kale zabalagoetan, 80 litroko paperontzi biribilak daude, eta halakoak dauden kaleetan tamaina bereko 6 paperontzi gehiago jarriko dira.

Gazteluko plazan eta Karlos III.aren etorbidearen lehen tartean –Nafarroako Gorteen kalearekiko bidegurutzera arte– dauden paperontziak erretiratuko dira alde horretan sortzen diren hondakinen kopururako edukiera nahikorik ez dutelako. Halakoen ordez, bi modelo berriko paperontziak paratuko dira. Alde batetik, bina konpartimentu dituzten 16 paperontzi jarriko dira, 80 litrokoak, ontziak eta gainerako hondakinak bereizita biltzea ahalbidetuko dutenak. Bestetik, edukiera handiko 10 paperontzi paratuko dira, 130 litrokoak, non bost ontziak biltzekoak izanen dira, eta beste bost gainerako hondakinak jasotzekoak. Tamaina bereko modelo horretako beste 10 paperontzi erosiko ditu Udalak Alde Zaharreko beste zenbait gunetan jartzeko.

Azkenik, beste 19 paperontzi handi erosiko ditu Udalak, 120 litrokoak, Lorategietako Zerbitzurako. Izan ere, hauteman da hiriko berdegune batzuetan hondakin asko sortzen direla, eta ohiko da halakoetan paperontziak gainezka eginda aurkitzea, are eta zaborra pilatuta ere haien inguruetan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!