Rafa Rueda eta Oier Guillanen 'Munduaren neurria' errezitaldi musikatua, gaur, Kondestablen

Euskalerria Irratia 2016ko urriaren 13a

Argazkia: Rafa Rueda eta Oier Guillan, emanaldi batean.

Gabriel Aresti, Joxe Luis Otamendi eta Alejandra Pizarniken testuak musikatuko dituzte. Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak elkarrekin antolatu dute.

Munduaren neurria izeneko errezitaldi musikatua eskainiko dute ostegunean Rafa Rueda musikariak eta Oier Guillan aktore eta idazleak Kondestable Civivoxeko patioan. Ikuskizuna 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea da. Urtero Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak elkarrekin antolatzen duten euskarazko kultur programazioaren barruan sartzen da.

Munduaren neurria ikuskizuna Gabriel Arestiren olerki batetik abiatzen da: Nire buruaz mintzatzen naiz, naizelako munduaren neurria. Ideia hori oinarri dutela, Rafa Rueda eta Oier Guillán munduaren eta norberaren artean sortzen den harremanean murgiltzen dira. Arestiren beraren testuak zein beste egile batzuenak –Jose Luis Otamendi, Vladimir Maiakovski eta Alejandra Pizarnik-enak, besteak beste– abestu eta antzezten dituzte.

Interpretatutako eta antzeztutako olerki guztiek mundu hitza dute lotura. Horien bidez, protagonistek munduaren neurria bilatzen saiatuko dira norbanako bakoitzarentzat, jendearen egunerokotasunean, haien intimitatean. Errezitaldiaren hari eroalea pertsonaia baten abenturak –zorionekoak nahiz zoritxarrekoak– izango dira, eta umoreaz baliatuz, ikuslea testu batetik bestera eramango dute.

Munduaren Neurriaren jatorria Gabrielen lekua izeneko ikuskizunean dago. Rafa Rueda musikariak eta Oier Guillen aktore eta idazleak azken bi urteetan garatu izan dute lan hori, Zenbat Gara eta Gabriel Aresti kultur elkartearen enkarguz. Lan horren harira, Munduaren neurria egitea eskatu zitzaien, Donostiako Artejira Jaialdirako, 2014ko ekainean. Lan hori pieza labur moduan sortu zen, eta iraupen handiagoko ikuskizun bilakatu da.

Rafa Rueda musikariak prestakuntza osoa jasoa du gitarra eta biola instrumentuetan. PiLT taldearekin euskal musikan toki bat izatea lortu zuen, eta 2003tik aurrera bakarlari gisa hasi zen. Orduz geroztik lau disko kaleratu ditu. Oier Guillán, bestalde, idazlea, dramaturgoa eta kazetaria da. 18 urterekin antzerkiaren munduan hasi zen, eta orduz geroztik, ikuspegi ezberdinetatik, jarduera artistikoarekin darrai. Hainbat olerki-liburu eta antzezlan idatzi ditu.

Metrokoadroka kolektiboko kide da. Diziplina artistiko askotariko lagunen artean sortu zen kolektibo hori, 2008an, autogestiorako tresnak eta sareak sortzeko helburuarekin, proiektu ezberdinak gauzatu ahal izateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!