Bizikletak eta oinezkoak lehenestea, autoen aurretik. Horra Aranzadik joan den astean aurkeztutako Mugikortasun eta Azpiegitura Planaren erroa. Geratu egin dute, baina, UPNk aurkeztu eta PSNk eta Geroa Baik babestutako deklarazio bat medio; EH Bildu abstenitu egin da; Aranzadik eta Ezkerrak, aldiz, kontra bozkatu dute.
Berez, "momentuz" geratu dute plana, "ezagutu arte", hori da Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordeak esan duena. Dena dela, "Mankomunitatearen Planarekin koordinatzea da asmoa", eta, kontuan izanik hori 2019rako eginen dutela, nahikoa atzeratuko da Armando Cuencak (Aranzadi) aurkeztutako proiektua.
Gauzak horrela, Mankomunitateko egitasmoarekin kontrajarriak ez diren parteek aurrera segituko dute, hala nola, bidegorri zenbaitek eta oinezkoei eskainitako bide batzuek.
Gatazka bada, baina: moldatu nahi zituzten ardatz nagusiak, esaterako, Burlata-Barañain lotuko lituzkeen bidea eta Pio XII.ean egin beharreko obrak gerarazi dituzte.
"Alkateak joan den astean Mugikortasun Planaren harira sinatutako akordioak" dira indarrean mantenduko dituzten bakarrak.