Dagoeneko bukaturik dago Enrique Khale, Fernando Oíza, Michel Arauzo eta Santiago Virto arkitektoek Pamplona Centro Historicorako (PCH) proiektatu zuten eraikina, non aurreikusita dagoen ordezko bizitokia ematea Alde Zaharreko etxebizitzen berritze-prozesuetan inplikatutako jabeei. Eraikina –eraikitze-prozesuan zenbait lurzati bildu behar izan dira– Descalzos kaleko 47-53 zenbakietan dago eta A energia-kalifikazioa duten 17 etxebizitza domotiko ditu, lau solairutan.
Etxebizitza berrien azpian –lehendabizikoz ordezko bizitokia emateko honelako jarduketa mota batean– lurrazpiko bi solairu daude, eta bertan aparkatzeko 20 leku daude, eta horra iristeko autoendako igogailu bat dago. Construcciones Garbayo Chivite SL enpresak egin du eraikina. Horren aurretik, Erri-Berri enpresak egin zituen eraispen-lanak. Michel Arauzo, Enrique Kahle eta Santi Virto arkitektoek eta María Amézcua arkitekta teknikoak osatzen dute lanen zuzendaritza-taldea.
Berriztapeneko esku-hartzearen (eraispen-lanak eta oin berriko obra) aurrekontua 2 milioi euro ingurukoa izan da, eta horietatik 1,28 Nafarroako Gobernuak jarri ditu.
Eraikin hau Pamplona Centro Históricoren 4. etxebizitza-sustapena da, eta balio estrategikoa du, igogailuetatik gertu dagoelako. Fatxadek Descalzos kalera eta etxe-irlako patio batera ematen dute. PCHren bidez Iruñeko Udalak aurretik sustapenak egin ditu ordezko bizitokiak emateko Alde Zaharreko honako leku hauetan: Descalzos 24 (6 etxebizitza), Descalzos 23 (8 etxebizitza) eta Carmen 25 (14 etxebizitza), denak Iruñeko hiri-berrikuntza eta -berroneratzea bultzatzeko Planaren barruan.
Eraikinaren irudi orokorra
Mota, programa eta neurriei dagokienez eraikuntza estandarra bada ere, etxebizitza kolektiboko erakin garaikidea egin da, eta ez arrunta, tipologiaren, eraikitze-prozesuaren eta espazioaren ikuspuntutik. Eraikinak sestraz behetiko bi solairu + beheko solairua, lau solairu eta teilatu azpiko solairu bat ditu. Descalzos kalearekin lerrokatu da barruan ahalik eta espazio gehien libratzeko eta etxe-irlako patioaren zein bertara ematen duten etxebizitzen (hegoaldeko fatxadan) ingurumen-baldintzak optimizatzeko. Sestraz behetiko solairuetan (garajeak) eta beheko solairuan lurzati osoa hartu da, eta goiko solairuetan, aldiz, eraikuntzaren lerrokatzea baimendutakoaren barruan ahalik eta gehien atzera-eman da. Hala, etxe-irlako patioan jarri daiteke hirigintza- eta bizigarritasun-arauek galdatutako 12 metroko diametroko zilindroa.
Beheko solairuan eraikinerako sarbidea dago, baita Erdi Aroko erdisotoa hartzen duen lokal handi bat ere –erabilera oraindik ere zehazteke dago–. Goiko solairuetan zenbait neurri, osaera eta ezaugarritako 17 etxebizitzak (1 eta 3 logela bitartekoak eta duplexak) daude. Eraikinaren oinezkoendako sarbidea kaletik zuzenean egin da, eta komunikazio gunea eraikinaren barruan paratu da, erdiko kokagunean. Gune “bisualki arin” hori sendotzen dute igogailuaren kutxa estaltzen duen beira-ispiluaren islek. Estalkian paratutako argizulo bati esker betetzen dira eskaileraren argiztapen- eta aireztapen-eskakizunak, eta horrez gain, horrek etxebizitzen sarbideari goxotasuna ematen dio.
Garaje eta trastelekuak
Sestraz behetiko solairuetan aparkatzeko 20 leku daude. PCHk ezaugarri horrekin egiten duen lehendabiziko esku-hartzea da. Neurri-mugak eta Erdi Aroko erdisotoa dela-eta, ezin zen ahokatu sarbiderako arrapala bat. Hortaz, sarbidea autoendako igogailu baten bidez egin da. Bi solairu horietan espazioa banatu da zazpi trastelekutarako, aparkatzeko lekuei lotuta, eta eraikinaren instalazioetarako beharrezkoak diren guneetarako, besteak beste beroa sortzeko biomasa zentral termiko txiki baterako.
Ibilgailuendako igogailura ezkaratzetik sartu behar da, autoendako igogailura daraman aldapa arin (% 6) baten bidez.
A energia-kalifikazioa
Eraikinak A kalifikazio energetikoa du, honako hauei esker: erabilitako materialen eta eraikuntza-sistemen eraginkortasuna, eguzki-energiaren aprobetxamendu pasiboa hegoaldeko fatxadan, zoru erradiatzailearen bidezko berokuntza-sistemaren instalazioa eta biomasaren erabilera beroa sortzeko energia alternatibo gisa.
Barruko espazioen argiztapen naturala maximizatu eta eguzki-argien baldintzetatik eratorritako aprobetxamendu energetiko pasiboa lortze aldera, hegoaldera ematen duten etxebizitzetarako fatxadarekiko atzera ematen duen ataripe-berotegi bat diseinatu da. Beirazko lama bertikal lerragarri eta eraisgarria duen sistema batek egiten ditu barneko eta kanpoko energia trukagailu lanak, eta horrela laguntzen du etxebizitzen egokitzapen termikoan.