Nafarroako Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren hastapen eskolak emanen ditu Iruñeko D ereduko zortzi ikastetxe publikoetan. 5. eta 6. mailako ikasleek bertsolaritzako oinarrizko teknikak ezagutu eta ahozko adierazpena landu ahal izango dituzten.
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak gaurko saioan 2016/2017 ikasturtean programa hau gauzatzeko laguntza-kontratua esleitzea onetsi du, 40.000 euroan, lehen ematen zen 23.000 euroko diru kopurua handituz. Programa 2016ko urritik 2017ko ekainera arte garatuko da honako ikastetxe hauetan: Hegoalde Ikastola IP (lau gela), Amaiur Ikastola IP (lau gela), Mendigoiti IP (hiru gela), Sanduzelai IP (bost gela), San Frantzisko IP (lau gela), Patxi Larraintzar IP (zortzi gela), Bernart Etxepare IP (lau gela), Elorri IP (lau gela). Guztira, 494 ikastordu emango dira.
Programa honen bidez, Iruñeko Udalaren xedea da ahozkotasuna eta hizkuntzaren erabilera ludikoa sustatzea. Bertsoak bat-batean botatzearen jarduerak proposatzen dituen hitz- eta ideia-jolasak hizkuntza modu ludiko batean erabiltzea sustatzen du, eta ikasleen abilezia mentala aktibatu. Bertsolaritza, hortaz, lehen mailako baliabide didaktikoa da testuinguru ez-formaletan hizkuntza erabiltzea bultzatzeko, eta hezkuntza-sistemako curriculum ofizialeko jarduera osagarri bat da. Udal-teknikarien txostenen arabera, ikasleentzako komenigarria dela ikusi da, eta D ereduko ikastetxe publikoetako hezkuntza-ereduan errotuta dago.