Civivox sareak antolatzen duen Guraso Eskolak bost hitzaldi eta hiru ikastaro eskainiko ditu hiruhileko honetan, eta horien bidez, besteak beste motibazioa, familian estresa prebenitzea, gizarte harremanak eta autoestimua landuko dira. Hitzaldi guztiak doan dira, eta asteartetan egingo dira. Urriaren 4an lehena, beste bi azaroan, eta azkena abenduan, Civivox zentroetan. Ikastaroak ostegunetan izango dira, 10 euroan eta lehenengoa urriaren 6an egingo da. Izena emateko, edozein Civivoxera jo edo 010 Herritarrendako Arreta Zerbitzuko telefonora deitu behar da (edo 948 42 01 00 zenbakira, mugikorraren bidez edo Iruñeaz kanpotik deituz gero).
Lehenengo hitzaldia urriaren 4an, asteartearekin, izango da, Zabalguneko Civivoxean, 18:00etan, Motivación, la capacidad aprendida izenburupean. Bertan, familia- zein bikote-orientatzaile eta pedagogo Blas Campos Hernándezek motibazioaren gaia jorratuko du: indar psikologiko gisa gogorik ezari eta uzteko asmoari aurre egiteko duen garrantzia, eta asmoek gidatutako jokabidean duen papera.
Urriaren 18an, asteartearekin, elkarbizitza aztertuko da, nola ikasten den eta nola hezten den elkarbizitzan, interferentziarik gabeko familia-jarduerendako tarteak eta etxean gailu elektronikoen erabilera nola kudeatu. Hitzaldi hori Sanduzelaiko Civivoxean izango da, 18:00etan, euskaraz, Patxi Sanjuan Villafranca irakasle, orientatzaile eta gainbegiralearen eskutik, Elkarbizitza elkarbizitzen ikasten da izenburupean.
Guraso Eskolako hirugarren hitzaldiak honako gai honi helduko dio: familian estresari aurrea hartzea. Azaroaren 8an izango da, Mendillorriko Civivoxean, eta Blas Campos Hernández arituko da hizlari. Pedagogo eta familia- zein bikote-orientatzailearen arabera, estresa da egungo gizarteko ondoezaren arrazoi nagusienetako bat , eta egun bizitzen ari diren aldaketek eta horiek gizartean sortzen dituzten ziurgabetasunek eragina dute halabeharrez familiengan. Tentsioak sortzen dituzten aldaketei aurre egin eta horietara egokitu behar du familiak. Hitzaldia entzumen urriko pertsonentzat egokiturik egongo da.