Iruñea "justu, orekatu eta anitz" baten alde egin nahi du Bilduk agintaldiko bigarren urtean

Euskalerria Irratia 2016ko irailaren 30a

Argazkia: Iban Maia, Maider Beloki eta Dani Saralegi.

Ezberdintasun sozialak murrizteko, "ekintzan, politikan eta programetan" sakonduko dute, era horretan, "ongizatea eta eskubide eta aukera berdintasuna" hauspotuko baitituzte.

"Pertsona guztiek bizitza duina izatea". Horra taldean helburua, prentsaurrekoan ziurtatu dutenez. Hari berari eutsiz, "hiriaren eraldaketa kulturala" nahi dutela ziurtatu dute alderdiko ordezkariek, are zehatzago, berrikuntza soziala, kulturala eta teknologiakoa dute xede.  

"Helburua argia da, hobeto bizitzeko hiria eraikitzea. Beraz, legegintzaldi hasieran irekitako bidea jarraituko dugu, egunez-egun eta eskuz-esku hiria hobetuz. EH Bildutik gure konpromisoa berresten dugu aldaketan eta akordioan sakontzen jarraitzeko eta, norabide horretan, honako lan ildoak bultzatzea dugu xede: ekonomia eta justizia soziala, tokiko merkataritza, memoria eta elkarbizitza, mugikortasun jasangarria eta kultura", esan du Iban Maia Iruñeko EH Bilduko koordinatzaileak.

Ez bakarrik hori, proiektu zehatzen bultzadan ari dira alderdiko kideak eta banan banan azaldu ditu garrantzitsuenak: "Besteak beste, Geltoki, auzoetako plana, Iruñerriko mugikortasun plana edo sanferminetako liburu txuria".

Bukatzeko, urriaren 5erako hiri bilgunera deitu dute . Kaldereriako udal aretoan jarri dute hitzordua, eta bertan EH Bilduko Iruñeko karguek parte hartuko dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!