Larunbatean hasiko da euskarazko haur programazioa antzerki emanaldi batekin

Euskalerria Irratia 2016ko irailaren 29a

Argazkia: Txalo Teatro konpainiaren 'Mollie Malonen ipuin sinestezina'.

Txalo Teatro konpainiak Mollie Malonen ipuin sinestezina taularatuko du Iturramako Civivoxean, bi saiotan, 12:00etan eta 18:00etan, eta sarrerak 3 euro balio du.

Iruñeko Udalak antolatutako euskarazko haur-programazioaren udazkeneko zikloa larunbatean hasiko da, Iturramako Civivoxean, Txalo Teatro konpainiaren Mollie Malonen ipuin sinestezina antzezlanarekin.  Antzerki-emanaldiaren bi saio egingo dira, 12:00etan eta 18:00etan, eta sarrerak online zein Civivoxean bertan eros daitezke, 3 euroan.

Mollie Malonen ipuin sinestezina-k, 4 urtetik gorako haurrei zuzenduta, Mollieren istorioa kontatzen du. Beren aitona arduratuta dago, baratza zoratu zaiola uste duelako: tomateak behar baino lehenago gorritu zaizkio, izozte batek urazak alferrik galdu dizkio eta landareak ez dira dagokienean loratzen. Hortaz, Mollie liburutegira bidaltzen du, zer gertatzen ari den jakiteko. Baina liburutegi hori oso berezia da. Liburua topatzen duenenean, liburuz betetako apal mordo baten barruan dagoen ate ezkutu bat zabaltzen da bere aurrean. Momentu horretan, Mollie mundu bitxi batean sartuko da. Bertan tukan bat eta beste pertsonaia arraro batzuk ezagutuko ditu, eta guztiek behin eta berriz heltzear dagoen arrisku bat aipatuko dute.

Begoña Bilbaok zuzendu du antzezlana eta Alfonso Díez, Aitor Fernandino eta Iraitz Lizarraga dira aktoreak. Xabier Agirrek zuzendutako konpainia gipuzkoarra da Txalo, euskaraz zein gaztelaniaz lan egiten du, bai toki bai estatu mailan. Antzezlan gehien taularatzen duen euskal konpainietako bat da. La ratonera obra 2.000 alditan baino gehiagotan antzeztu zuten hiru urtetan zehar, eta konpainia bat egon zen Madrilen lan hori antzezten, eta beste bat biran. Orduz geroztik, euskarazko antzezlan txikiagoak eta urtean ekoizpen handi bat uztartzen dituzte. Txalok mota askotariko antzezlanak produzitu eta koproduzitu ditu (drama, misterioa, haurrendako komediak, bakarrizketak eta musikalak) eta sari ugari jaso ditu Espainia osoan.

Antzezlan hau Begoña Bilbaok zuzendu du, zeinak konpainiaren beste hainbat antzezlan zuzendu dituen, bai haurrendako, bai helduendako: Ate joka, Magia Teilatuan, Kanpanilla eta Peter Panen itzala, eta Oscar Wilden The Canterville Ghost obra famatuaren euskarazko moldaketa.

Antzezleei dagokionez, Afonso Díez eskarmentu handiko aktore bilbotarra da. Txalo konpainian aritzeaz gain, Adur eta Pantar Rei konpainietan ere lan egin du, besteak beste, baita ETBko hainbat saiotan ere. Aitor Fernandino, bestalde, antzerki, zinema zein telebistan lan egin duen aktore donostiarra da. Teatro Paraíso, Ados Teatro, La Baldufa Teatre, Porpol Teatro eta Deabru Beltzak konpainiendako lan egin du, besteak beste. Iraitz Lizarragak Cachorros zirko-konpainian (Bartzelona) aritu da aktore eta akrobata. 2003. urteaz geroztik aktore eta zuzendari lanak uztartzen ditu, Txalo eta Pikor Teatro konpainietan. Els Comediants, El princep totilau eta Trapu zaharra konpainietan ere ibili izan da.

Euskarazko haur-programazioaren beste emanaldi bat egongo da, urriaren 15ean, Mendillorriko Civivoxean. Agerre Teatroren Ofelia, maite zaitut ikusi ahal izango da, txotxongilo eta aktoreen obrarekin. Azaroaren 5ean, Bertsoaroa-ren programazioaren barruan, beste bi saio egongo dira Sanduzelaiko Civivoxean: 12:00etan, Oskar Estangaren eskutik Plaza bete poz haurrendako dantzaldia, eta 18:00etan Fernando Anbustegi ipuin-kontalariaren Kontu eta kantu ikuskizuna, non ipuinak, kantak eta bertsoak nahasten diren. Azaroaren 26an, Iturramako Civivoxean Txirri, Mirri eta Txiribiton jr. Pailazoak arituko dira, Patxistein Doktorea bira berriaren aurrestreinaldiarekin. Abenduaren 17an, La enana naranja konpainiak udazkeneko programazioari amaiera emango dio Kontu-kantari txotxongiloen musika-ikuskizunarekin, Sanduzelaiko Civivoxean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!