Unibertsitateak zientzia dibulgaziorako 44 hitzaldi eskainiko ditu

Euskalerria Irratia 2016ko irailaren 22a

Edizio honetan hitzaldiak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez izango dira eta eskaerak online egin behar dira urriaren 19a baino lehen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak dibulgazio zientifikoko 44 hitzaldi eskaintzen ditu 2016-17 ikasturte honetan batxilergoko ikastetxeetan. Horrekin lortu nahi duen helburua da ikasleei gai zientifiko eta teknologikoei buruzko aukera zabala eskaintzea. Nafarroako ikastetxeek urriaren 19ra arteko epea dute nahi duten hitzaldia eskatzeko www.charlascientificas.com webean. Halaber, programa osorik kontsultatzen ahal da web-orrialde horretan. Edizio honetan, gaztelaniaz gain, zenbait hitzaldi euskaraz, ingelesez eta frantsesez eskaintzen dira.

Ekimen hau 2005-06 ikasturtean jaio zen. Orduan, NUPeko Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzaren mendeko Zientzia eta Teknologiaren Gelak sortu zuen. Unibertsitateko irakasleek ematen dituzte hitzaldiak, eta sei multzotan banatzen dira: Natura Zientziak (10), Fisika eta Teknologia (17), Matematika (5), Kimika (2), Ekonomia (3) eta Gizarte Zientziak (7).

Hitzaldiak ikastetxean bertan ematen dira, eta batxilergoko ikasleentzako prestatuak daude. Hona José Basilio Galván Herrera irakasleak koordinatzen duen ziklo honetan eskaintzen diren tituluetako batzuk: "Zergatik hazten dira zuhaitzak? Zuhaitzek inguratzen gaituen giroaz esaten ahal digutena", “Kontxo, zulo beltz batean erori naiz… Hori bai zoritxarra!", "Faradayren Legea. Mundua aldatu zuen ekuazioa", ""Zure garunak engainatu egiten zaitu (eta arrazoiak dauzka horretarako)", "Higgsen bosoia. Eta orain zer?", "“Jokoei eta matematikari buruzkoak”, “Estatistikaren erabilera hedabideetan”, "Biomasa eta bioerregaiak", "Globalizazio ekonomikoa: europar kolonialismotik gaur egunera arte" eta "Zer karrera aukeratuko dut unibertsitatean ikasteko? Orientazio batzuk Psikologiatik".

Joan den urtean 95 hitzaldi eman ziren Nafarroako 47 ikastetxetan. Unibertsitatea saiatuko da eskaera guztiei erantzuten, baina, nahiz eta eskaintza zabala izan, litekeena da gehien eskatzen diren hitzaldiak ezin ematea eskatzen duten ikastetxe guztietan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!