Ahalduntze eta Feminismoen Eskola hasiko da, erantzunkidetasun ikastaroen eta zinema forum baten bidez

Euskalerria Irratia 2016ko irailaren 19a

Berdintasuneko III. Planaren barruan, martxora arte eginen da Kondestablearen jauregian, Compañíako zentroan, Fiteroko Monasterioaren kaleko udal-lokaletan eta Civivox sarean.

Iruñeko Udaleko Berdintasuneko Alorreko Ahalduntzearen  eta Feminismoen Eskolak hasiera emanen dio bere jardunari hauen bidez: Ekonomia eta etxeko lana jardunaldiak (aurreko asteburuan egin ziren), Feminismoen Eskola ikastaroa (urriaren 10ean hasiko da), autonomia pertsonalaren inguruko zenbait ikastaro (irailaren 27tik aurrera), XX. mendeko emakumeen historiari buruzko ikastaro bat eta zine-forum bat (Civivoxetako eskaintzaren barruan). Eskola eta ikastaroak Iruñeko III. Berdintasun Planaren barruan daude. Xehetasun guztiak gaur goizean aurkeztu dituzte prentsaurrekoan Berdintasun eta LGTBIko zinegotzi berezi Laura Berrok eta Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorreko zuzendari Axel Morenok.

55 orduko prestakuntza feminismoen eskola ikastaroan

Feminismoen eskola ikastaroa astelehenetan eginen da, urriaren 10etik martxoaren 27ra, 18:00etatik 20:30era, Kondestable Civivoxean, eta guztira 55 prestakuntza-ordu izanen dira. Izena eman daiteke Kondestable Civivoxeko 2. solairuko Herritarren Partaidetzako Zentroan, 948420266 telefonoan edo emep@pamplona.es helbide elektronikoan, jendaurreko ordutegian (astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:30era). Matrikula doan da, eta interesatuek urriaren 3ra arte aurkez dezakete eskabidea.

Ikastaroaren programak honako kontzeptu hauen definizioa landuko du: feminismoa eta oinarrizko beste zenbait kontzeptu, besteak beste, patriarkatua, sexua, generoa, lanaren sexu-banaketa, genero-nortasunak edo genero-estereotipoak eta -rolak. Halaber, honako hauek aztertuko dira: emakumeen mendekotasunaren jatorria, feminismoaren historia eta bilakaera –protagonista guztiekin–, familiaren instituzioa genero-ikuspegitik, eskolaren botere eraldatzailea, emakumeen lana nahiz enplegua eta ekonomia feministaren alternatibak mundu globalizatuaren aurrean.

Bestelako gaiak ere jorratuko dira, hala nola emakumeen trataera ikus-entzunezko komunikabideetan, sexualitateak, genero-subjektibotasunak, emakumeak eta boterea, amodio erromantikoaren eraikuntza sistema patriarkalean, genero-indarkeria edo emakumeen gaur egungo egoera.

Ikastaroa Berdintasuneko Alorrak eta IPES Elkarteak antolatu dute, eta bertan teoria eta praktika tartekatuko dira. Gaian adituak diren honako irakasle hauek arituko dira: Blanca Fernández Viguera, Silvia Fernández Viguera, Mauge Cañada, Itziar Ziga, Rut Iturbide, Jabi Arakama eta Cecilia Themme. Ikasleei laguntza-materiala emanen zaie, hala nola artikulu eta testuak, bibliografia eta webgunean eskuratu daitezkeen baliabideak.

Norberaren autonomiako ikastaroak

Prestakuntza-eskaintza horren aurretik, gaur irekiko da epea norberaren autonomiako eta ardurakidetzako ikastaroetan izena emateko. Ikastaro hauetan eskaintzen zaie gizonezkoei kuzinatzen, arropa lisatzen eta josten ikasteko aukera, eta emakumeei, berriz, brikolajean, igeltserotzan, elektrizitatean eta beste zenbait trebetasun jorratzekoa. Ikastaro hauek ere doan dira, eta izen-ematea irailaren 19tik 22ra bitartean, 010 telefonora deituta (edo 948 42 01 00 zenbakira, mugikorraren bidez edo Iruñeaz kanpotik deituz gero).

Eskolak irailaren 27an hasi eta urtarrilaren 17an amaituko dira. Guztira bina orduko 25 saio izanen dira. Hauek dira ikastaro hauen bidez lortu nahi diren helburuak: hausnarketa egitea zereginen banaketa-desberdintasunari buruz eta horrek eragiten dituen beste batzuei buruz, eta berdintasunezko jokamoldeak eta sozialki beste sexuari esleitutako trebetasunetan ikasteko gogoa sustatzea.

Eskolak Fiteroko Monasterioaren kaleko 15.eko behean dauden udal-lokaletan izanen dira. Bi taldeen saioak astearte eta ostegunetan izanen dira, 19:15etik 21:15era.

Zinemako emakume heroien inguruko zine-foruma eta XX.mendeko emakumeen historiari buruzko ikastaroa

Azkenik, Civivoxek laster aurkeztuko duen programazioak barne hartzen ditu zinemako emakumezko heroien inguruko zine-foruma eta XX. mendeko emakumeen historiari buruzko ikastaroa. Lau film proiektatuko dira zine-forumean, zeinek aukera emanen duten parte-hartzaileek erreparatu dezaten emakumeen film-unibertsoa aberastu baina ohiko erreferente ez diren horietan. Saioetan erreferenteak eta imajinarioak sortzeko zinemak duen gaitasuna azpimarratuko da, eta iristen zaizkigun film gehienek genero-estereotipoak eta rolak indartzen ditueneko ideia landu. Baina egon badaude ideia horien aurka egiten duten filmak, emakumeak protagonista dituztenak; zinema-mota hori da, hain zuzen ere, ziklo honetan aurkeztu nahi dena. Emakumeen protagonismo-maila, landutako gaiak eta nazionalitate anitzen presentzia izan dira pelikulak hautatzeko irizpidetako batzuk; eta pelikulak hauek: Emanen diren filmak, hauek: Las tres noches de Eva (Preston Sturges, Estatu Batuak, 1941), Como agua para chocolate (Alfonso Arau, Mexiko), Mujeres de El Cairo (Yousry Nasrallah, Egipto, 2009) eta Thelma y Louise (Ridley Scott, Estatu Batuak, 1991).

Emakumeen historia XX. mendean. Egungo egoera ulertzeko gakoak ikastaroak azken urteetako une garrantzitsuak landuko ditu, gaur egun emakumeek munduan bizi dituzten egoerak ulertze aldera. Emakumeak protagonista izan dituzten hainbat prozesu landuko dira, hala nola boto-eskubidea eskuratzea, lan-merkatuan sartzea, sexualitatea bizitzeko moduan izan diren aldaketak, komunikabideek emakumeak nola irudikatu dituzten eta prozesu historikoetan izan duten lekua; gaur egungo egoera aztertuko da ere. Protagonistak metodologia dinamiko baten bidez aurkeztuko dira, testu eta irudien analisien eta fikziozko dokumentalen bitartez. Hori guztia gaur egungo egoeraren inguruko hausnarketaz lagunduta.

Kontzeptu basiko eta aitzindariak jorratu ditu programak: sufragistak, emakumeak Lehen eta Bigarren Mundu Gerra eta Ongizatearen Estatuaren barne, sexualitatearen konkista 60ko hamarkadan, 80 eta 90eko hamarkadetako garaipenak eta emakumeen egoera gaur egun. María Castejón Leorza historialari eta espezialista komunikabideetako genero-identitateen irudikapenetan adituak emanen du ikastaroa.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!