Hasi da Civigraff lehiaketan parte hartzeko atzerako kontaketa, non gazteek graffitiak egiteko duten trebetasuna agertu ahal izango duten. Iruñeko Udalaren lehiaketa honen hamargarren edizioa urriaren 1ean izango da. Baina egun horretan parte hartu ahal izateko, Iruñeko sei graffiti-egile onenen artean egon beharra dago. Hori erakusteko, bizpahiru zirriborro aurkeztu behar dira hamar egun hauetan, irailaren 24ko 21:00ak baino lehen, larunbatarekin, Mendillorriko civivoxean.
Civigraff 2016 lehiaketa 14 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago. Parte-hartzaileek gehienez bi edo hiru zirriborro aurkeztu ahal izango dituzte, gai librearekin eta originalak. Ez da onartuko antzeko deialdietan saritutako lanik. Zirriborroa A3 tamainakoa izango da gehienez, eta lan-eskala (zirriborroa eta hormetako lana), gehienez, 4 metro luze, eta 3 metro, garai.
Horrez gain, parte-hartzaileek dosier bat aurkeztu beharko dute, honako hauez osatua: curriculuma, 2013 eta 2016 urteen artean egindako lanen argazkiak, zirriborroaren ideiaren azalpena eta erabili beharreko esprai eta bokillen zerrenda. Gehienez ere 15 poto erabiliko dira lan bakoitzeko. Hala zirriborroa nola dosierra gutun-azal itxi baten barnean aurkeztuko dira eta bertan lanaren izenburua jarriko da. Eta gutun-azal horren barruan, beste gutun-azal itxi batean, parte-hartzailearen honako datu hauek adierazi behar dira: izena eta bi abizen, izen artistikoa –halakorik balu–, adina, helbidea eta telefonoa. Finalerako hautatutakoek beren espraiak eta material osagarriak erabili ahalko dituzte. Sei zirriborro finalistak kolore zuriko horma batean pintatuko dira.
Lehiaketaren bi faseak eta finalistentzako sariak
Lehiaketak bi fase izango ditu. Lehenengoan, sailkapenekoan, epaimahai teknikoak sei zirriborro finalistak aukeratuko ditu aurkeztutako lanen artean. Bigarrenean, lehiaketakoan, epaimahaiak hautatutakoek beren lanak margotu beharko dituzte Mendillorriko Civivoxeko kanpoaldeko zelaiguneko horma batean. Bigarren fase hori urriaren 1ean egingo da, larunbatarekin, 10:00etan. Nolanahi ere, epaimahaiak kontuan hartuko du finalistek graffitia aurreko arratsaldean hasteko aukera, larunbat goizean eguzkiaren isla horman saiheste aldera. Soberan geratzen den pintura beretzat hartu ahalko dute parte-hartzaileek.
Epaimahaia arte grafikoetako eta graffiti-adituek zein Iruñeko Udaleko teknikariek osatuko dute. Ideiaren eta zirriborroaren originaltasuna, teknika eta hormetako azken emaitza baloratuko dira, hala diseinuan nola egindako lanean. Irabazleak 700 euroko saria jasoko du, eta graffiti edo horma-irudi bat pintatzeko aukera Mendillorriko Civivoxeko beste horma batean. 600 euroko bigarren sari bat ere egongo da , eta 500 eurokoa, hirugarrenarentzat. Halaber, epaimahaiaren aipamen bat egongo da, 300 eurokoa, eta azkenik, finalistentzako 150 euro eta graffitia aurkezterakoan adierazitako materiala. Eguraldi txarragatik ez bada bertan behera geratzen edo atzeratzen, epaimahaiaren erabakia urriaren 1ean bertan jakinaraziko da.
Civigraff 2016 X. graffiti-lehiaketa
- Baldintzak: 14 urtetik gorako gazteei zuzenduta
- Lanak aurkezteko epea: irailaren 24ko 21:00ak arte, larunbatarekin, Mendillorriko Civivoxean.
- Lanak:
- Lehiakide bakoitzak, gehienez ere, bi edo hiru zirriborro aurkeztu ahal ditu.
- Gai librea. Lanek jatorrizkoak izan behar dute, antzeko deialdietan saririk jaso gabeak.
- Zirriborroaren tamaina, A3. Lan-eskala (zirriborroa eta hormetako lana), gehienez, 4 metro luze, eta 3 metro, garai.
- Dosierra: curriculuma, 2013 eta 2016 urteen artean egindako lanen argazkiak, ideiaren azalpena (erabili beharreko esprai eta bokillak. Gehienez ere 15 poto)
- Faseak: lehenengo fasean, epaimahai teknikoak sei zirriborro finalistak aukeratuko ditu aurkeztutako lanen artean; bigarrenean, lehiaketakoan, urriaren 1ean, larunbatarekin, finalistek zirriborroak margotuko dituzte Mendillorriko Civivoxeko kanpoaldeko zelaiguneko horma zuri batean.
- Sariak: lehen saria (700 euro eta graffitia Mendillorriko Civivoxeko beste horma batean pintatzeko aukera), bigarren saria (600 euro), hirugarren saria (500 euro), epaimahaiaren aipamena (300 euro) eta lehiaketa-fasean parte hartu dutenentzako aipamena (150 euro eta graffitian adierazitako materiala).