"Oso larria" da Iruñeko Udalak 3.000 euroko isuna jarri izana Herri Sanferminak plataformari, besteak beste, afixak itsasteagatik eta plaza batean ura ez izateagatik. Hala salatu dute bertako kideek. Gainera, zehaztapen bat txertatu dute: "ura eta argindarra jartzea udalaren betebeharra zen".
Isunek eta "oztopoek" herri sanferminen antolaketa "kolokan" uzten dutela kritikatu dute, halaber, eta "ulertezintzat" jo du gertatutakoa.
"Jakin badakigu egun jasotako isun hauek UPNk garatutako eta indarrean jarritako udal araudien emaitza direla. Udal ordenantza hauek urte askoan UPNren politikek utzitako ondarea dira. UPNren garai ilunak ziren eta bere politikek helburu argia zuten: jendartea desaktibatzea, eredu soziala eraldatzeko lanean ari ginen eragileon desaktibazioa, alegia". Horra Herri sanferminak plataformaren irakurketa.
Ondorioz, aldarri argia aurkeztu diote udalari: ordenantza berri bat egin dezan; izan ere, indarrean dagoenaren artikulu guztiak betetzea "ezinezkoa" da. "Udalak berak antolatzen dituen ekimenetan ere betetzen ez diren puntuak ikusten ditugu", zehaztu dute.
Udal politika "eraikitzailea eta positiboa" ekarri dute gogora, eta udal gobernuaren eta gizarte antolakundeen arteko "elkarrizketa" eskatu dute, ordenantza gaurkotzeko helburuz.