51 lan aurkeztu dira Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatzen duten Haurrendako Antzerki Testuen lehiaketan. Horietatik 44 gaztelaniaz idatzita daude, eta 7 euskaraz, iaz baino zertxobait gehiago, 43 eta 6 aurkeztu baitziren, hurrenez hurren. Gainera, XXV. edizio honetan aurkeztutako lanak baloratuko dituen epaimahaia ere izendatu da, eta irabazleek 2.500 euroko saria irabaziko dute, hala gaztelaniazko nola euskarazko modalitateetan, bai eta lana eszenaratzeko aukera. Lehiaketa honetako gaztelaniazko testu irabazlea NAEk urtero egiten duen Eguberrietako kanpainan ekoiztu eta taularatzen da, eta euskarazkoa, bi erakundeek antolatzen duten eskola-kanpainan, ekoizpen berezi baten bitartez. Horrela, Iruñeko Udalak berriz ere hartu du parte 2013an utzi zuen lehiaketa horretan.
Lehiaketa 16 urtetik gorakoei zuzentzen zaie, eta egile bakoitzak gehienez ere hiru testu aurkezten ahal ditu, gaztelaniaz edo euskaraz, jatorrizkoak eta argitaragabeak. Gainera, ezin dira aurkeztu bestelako edozein lehiaketatan saritutako obrak, ezta konpainia batek estreinatutakoak ere (profesionala izan zein ez), eta haurrei zuzendutako ohiko obren iraupena izanen du. Saritu beharreko testuak aukeratzeko, besteak beste honako hauek hartuko dira kontuan: kalitate literarioa, sormena, originaltasuna eta lana taularatzeko modukoa izatea.
Hiru epaimahaikide gaztelaniazko modalitatean, eta beste hiru euskarazkoan
Gaztelaniazko testuetarako epaimahaia María Teresa Pascual, Emilia Ecay eta Ramón Vidalek osatuko dute, eta euskarazkoetarako, Iosu Cámara, Estíbaliz Curiel eta Reyes Ilintxetak.
María Teresa Pascual Filologia Hispanikoan doktorea da, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta ikertzailea Didaktika eta Pedagogiaren alorrean. Honako hauek irakasten ditu: Hizkuntza, Literatura, Antzerkiaren Historia, Didaktika, Jolas-lantegiak eta Txotxongiloekin Dramatizazioa, Jolasaren Pedagogia, Haurren Literatur Adierazpena eta Antzerki-praktika. Irakasleendako ikastaro eta mintegiak eman ditu Nafarroan, EAEn, Gaztela eta Leonen, Errioxan, Kanarietan eta Venezuelan. Horrez gain, Nafarroako Antzerki Eskolako irakasle eta zuzendaria izan da.
Emilia Ecayk Arte Dramatikoa ikasi zuen, aktore interpretazioaren espezialitatean, Nafarroako Antzerki Eskolan, eta Zuzendaritza eszenikoan eta Dramaturgian tituluduna da Bartzelonako Institut del Teatren. Doktoretza ikastaroak egin ditu Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan egin du, eta Masterra Praktika Eszeniko eta Ikusizko Kulturan, Alcaláko Unibertsitatean. Nafarroako Antzerki Eskolan irakasle izan zen 1996tik 2012ra, eta bertan zuzendari lanetan aritu zen 2008tik 2012ra. Irakaskuntzaz gain, eszenako-zuzendari eta aktore lanak ere egiten ditu, eta hainbat talde artistiko eta antzerki-ikerkuntza eta -sorkuntza taldetako kide da.
Ramón Vidal Arte Dramatikoan tituluduna da, Interpretazioaren espezialitatean, Errioxako Arte Dramatikoko Eskolan eta Nafarroako Antzerki Eskolan. Antzerki-egilea da eta Haurrendako Antzerki-testuen Lehiaketa hau irabazi zuen 1994an. 40 ekoizpen-lan inguru zuzendu ditu, eta zenbait sari jaso. NAEko irakaslea da 2003az geroztik.
Reyez Ilintxeta kazetari iruindarra erredaktorea da Euskalerria Irratian eta Ze Berri?-n, euskara sustatzeko zenbait udalen artean egiten den aldizkarian. Argia informazio orokorreko aldizkarian eta Diario de Noticias egunkarian ere idazten du noizbehinka. Antzerki-esparruari dagokionez, Gurutzeko plazako Institutuko Antzerki-Lantegiko kide gisa hasi zuen ibilbidea. Gero, Nafarroako Antzerki Eskolan egin zituen hainbat prestakuntza-ikastaro eta Aedos eta Xahutondotalde afizionatuetako partaide izan zen. Iturramako Institutuko antzerki-lantegiko zuzendari izan zen hamar urte baino gehiagoan.
Estíbaliz Curielek Arte Dramatikoko ikasketak egin zituen NAEn, eta gero María del Mar Navarro eta Andrés Hernándezen Eskolan izena eman zuen. Profesional askorekin osatu du bere antzerki zein ikusentzunezkoen prestakuntza. Besteak beste honako hauekin aritu da: Yarleku, Aran Aran Elkartea, Madrilgo Carlos III Unibertsitateko antzerki taldea, Teatro de los muertos, Producciones Sointek, Tiempo Modernos, Begiradak, Soka! zirko antzerki instrumentala, Proyecto 43-2 eta Donostiako Teatro Solo. Gaur egun aktore gisa aritzen da Trapuzaharra-ren “Ongietorri findemundó” lanean, eta lantegiak ematen ditu.
Josu Cámara maisua da, eta Psikomotrizitate eta Adierazpeneko irakaslea. Maskarada konpainian eman zituen lehenengo urratsak antzerkian, 1980an. 1982an Kukubiltxo konpainian sartu zen, eta zuzendaritza-lanak hartu zituen 2012an desagertu zen arte. Konpainia horrekin hala haurrendako nola helduendako emanaldietan aritu zen. Gaur egun, aktore eta zuzendari independente gisa dihardu lanean.