Labriteko zubia itxita egonen da egiturazko akatsak zuzendu arte

Euskalerria Irratia 2016ko irailaren 7a

Zaldainaren egiturazko problemak zuzentzeko proiektua enkargatu du Iruñeko udalak, eta, hori egin bitartean, itxita egonen da.

INTEMAC (Materialen eta eraikuntzen institutu teknikoa) kanpoko aholkularitza enpresak egindako txostena ikusita, Udalak oinezkoendako itxita edukiko du Labriteko zaldaina. Izan ere, txostenaren arabera, segurtasun akats larriak ditu; akats horiek hala diseinu-proiektuari (2009) nola eraikuntza-lanei (2010) egotz dakizkioke, eta ez dute bermatzen zenbat pisu jasotzeko eraiki zen eta hori hartzeko gai izango denik. Hala azaldu dute gaur goizean, prentsaurrekoan, Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak eta Hiri Kontserbazioko eta Proiektuetako Alorreko zuzendari Cristina Arreguik. Txostenaren edukia eta hartutako neurria zorrotzak badira ere, egoera lehengoratu ahal izango dela adierazi dute. Horretarako, Udalak esku-hartze integraleko proiektu bat enkargatuko du, konponbide bideragarrienak eta jatorrizko proiektuari lotutako konponbideak jasotzen dituena, azpiegitura erabiltzeko moduan mantentzeko.

Hiri Kontserbazioko eta Proiektuetako Alorraren aurreikuspenen arabera, urte amaieran lan horietarako alternatiben ikerketa bat egingo da, 2017ko hasieran proiektuaren erredakzioa esleitu ahal izango da, eta urte horretako udaberri amaieran obren lizitazioa irten. Hortaz, azpiegitura, konponduta eta egokituta, 2017. urte amaierarako egon ahal izango da berriro erabiltzeko moduan. Aldi berean, administrazio prozesu bat abiarazi du antzemandako akatsen ardura norena den zehazteko. Prozesu horrek konponketa-lanak nork ordainduko dituen zehaztuko du.

Zaldainak itxita jarraitu behar duela erabaki eta gero (uztailaz geroztik dago itxita), Hiri Kontserbazioko Alorraren hurrengo pausoa izango da azpialdetik erresistentzia handiko babes-sare bat jartzea, eraitsi daitezkeen materialak errepidera erortzea saihesteko. Lan horiek irailaren 19an egingo dira. Horretarako, txirikordatutako nylon sare bat jarriko da, iraunkortasun handikoa, eta 1,5 metroan behin gurutze moduan kokatuko diren zirga batzuekin indartuta. Sarea zein zirgak xafla mekanizatuen bidez finkatuko dira, zaldaina ez kaltetzeko eta elementu guztiak behar bezala eusten direla bermatzeko.

Segurtasun arazoak eta dokumentazio falta

INTEMAC-en txostenaren arabera (Iruñeko Udalak 20.970 euroko inbertsioa egin du txosten horretan, BEZa kanpo), proiektuaren dokumentazioa ez da nahikoa egituraren segurtasuna bermatzeko. Izan ere, zaldainaren egitura-konfigurazioa ez zen identifikatu, eta kontraesana da aldi berean bi habe handik eta arku itxurarekin konfiguratuta balego bezala kalkulatu izana. Halaber, elementu erresistenteei buruzko definizioa falta da, eta elementuen zenbait frogaketa ez datoz bat araudiarekin, txostenak jasotzen duenez.

Egituraren segurtasunari eragiten dioten beste akats batzuk jaso dira txostenean: ez zen markatu puntu kritiko deitutakoen erresistentzia (zubia sostengatzen dutenak: erdiko korapiloak, euskarriak eta zimendua); ez zen definitu espazioaren konfigurazio geometrikoarekin bat zetorren eraikuntza-prozesu bat; ez ziren identifikatu ingurumenak egin ahal zizkion erasoak, ezta mantentze-plan espezifiko bat definitzeko prebentzio- eta mantentze-jarduketak ere.

Egituraren ikuskapenak agerian utzi zuen korrosio arazo larri bat dagoela, nagusiki zoruari eusten dion kutxan pilatutako zikinkeriaren eta uraren eraginez sortua. Kutxa hori drainatze-sistema egokirik gabe eraiki zen, eta, gainera, altzairu mota ezberdinak erabiliz. Horrek “pare galvanikoak” sortzea ekarri du. Halaber, taulan “gatz urgarriak” erabili izanak ez du egoera konpontzen lagundu. Ikuskapenean ere desbiderapenak eta deslerrokatzeak daudela ikusi zen, mailatuak xafletan, soldadura gutxiegi eta proiektuarekin zerikusirik ez duten beste “eraikuntza konfigurazio” batzuk.

Dokumentaziorik ez, fabrikazio-, muntaketa- eta kalitate-kontrolari buruz

INTEMAC-en txostenean jasotzen da, baita ere, fabrikazioari eta muntaketari buruzko dokumentazioa ez dela  segurtasuna bermatzeko nahikoa, ez baitaude identifikatuta fabrikazioan parte hartu duten eragileak, muntaketa planik ez baitzen bete, eta “auskultazio” planik ere ez dago, hots, zaldaina nola jartzen ari zen konprobatzeko zein pausok gidatu behar zuten lana. Halaber, obran lan  egin zuten soldatzaileen prestakuntza-ziurtagiririk ez dagoela jasotzen du txostenak, eta erabilitako bitarteko osagarriak egiaztatu zirela ere ez da jasota utzi.

Kalitate-kontrolari dagokionez, ez da planik definitu, adibidez, honako gai hauek jasotzeko: inspekzio puntuen programa bat, tolerantziei buruzko espezifikotasunak eta inspekzio unitateak. Horri gehitu behar zaio ez dela lana nola egin zen jarraitzeko sistemarik definitu, eta soldadura-loturen ikuskapenean akats larriak ikusi direla.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!