Tximeleta taldea kontratatzeagatik "terroristak goratzea" leporatu dio PSNk Asironi

Euskalerria Irratia 2016ko irailaren 7a

Argazkia: Tximeleta taldeko kideak.

"Tximeletak bat egiten du presoen ideiekin", PSNko kide Maite Esporrinen irudiko, eta, horregatik, kritikatu du Iruñeko Udalak Batasunaren Agiria ospatzeko kontratatu izana.

"Bildurekin eta ezker abertzalearekin erabat identifikatuta dagoen taldea da. Bere hitzetan eta kantuetan, gorazarre egiten die Iruñeko alkatearen udal taldearen ideiei, baita ETA talde terroristako presoen ideiei ere". Maite Esporrin PSNko kidearenak dira hitzak. Iruñeko Udaleko Hiritarren Auzietarako Batzordean mintzatu da, Tximeleta taldeak pasa den larunbatean Batasunaren Agiriaren karietara emandako kontzertuaren inguruko azalpenak eskatzeko. Talde hori zer dela eta kontratatu zuen galdetu dio udalari eta zalantzak azaldu ditu "udalak erabilitako irizpideen inguruan".

Gogor ekin du Joseba Asiron Iruñeko alkatearen aurka, izan ere, "iruindar guztien zergak erabiliz ETAren terrorismoari lotutako pertsonen omenezko ekitaldiak onartzea, babestea eta sustatzea" leporatu dio.

Jokoan: adierazpen askatasuna

"Sorgin ehiza". Horrela bataiatu du Tximeleta taldeko kide Zatok PSNk haien aurka esandakoa, Ahotsa.info webgunean egindako elkarrizketan: "Oso larria iruditzen zaigu PSNk gure kontra esan dituenak. Onartezina! Ematen du batzuek, politikari izanagatik eta protagonismo bila haien momentikoa aprobetxatzeagatik, libre dutela nahi dituzten astakeriak eta gehiago esateko".

Nolanahi ere, polemikak polemika, etorkizunean jarri du mira musikariak: "Adierazpen askatasuna dago berriz ere jokoan, eta horren alde egiteko, guk egiten dakiguna egiten jarraituko dugu, plazaz plaza, herriz herri".

PSNren webgunean irakur daiteke Tximeleta taldearen inguruko irakurketa osorik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!