Zabalik da sanferminetan parte hartzeagatik peñei diru-laguntzak emateko deialdia

Euskalerria Irratia 2016ko irailaren 5a

Argazkia: Iruñeko peñen ordezkari zenbait.

Eskabideak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da, eta deialdia 81.750 euroz hornitu du Iruñeko Udalak.

Iruñeko Udalak ireki du epea 2016ko sanferminetan parte hartzeagatik peñei zuzendutako diru-laguntza eskaerak aurkezteko. Deialdia 81.750 euroz hornituta dago, eta helburu du Iruñeko peñek sanferminetan antolatutako jardueren garapena sustatzea, jai-giroa biziagotzeko. Iaz 16 peñek jaso zuten diru-laguntza hori bera.

Eskabideak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Deialdia ostegunean argitaratu zen, 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 1ekoan. Eskabideak aurkeztu daitezke Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean, erregistro osagarrietan edo Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak aurreikusten dituen beste edozeinetan.

Diru-laguntza horiek eskatu ahal izango dituzte honako baldintza hauek betetzen dituzten elkarteek: Peña gisara eraturik egotea, Elkarteen Udal Erregistroan izena emanda egotea, beren egoitza nahiz zergetarako helbidea Iruñean izatea, irabazi asmorik gabekoak izatea eta estatutuetan deialdiaren xedeari loturiko jarduerak egiteko helburuak jasoak izatea. Eskatzaileak ez ditu ukitu beharko diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrean aipatzen diren onuradun izateko ezein debeku-ziok, eta ezin izango dute kontzeptu beragatik Iruñeko Udalak  ematen dituen bestelako diru-laguntzarik jaso ahal.

Diruz lagundu ahal izango dira sanferminetako jardueretan parte hartzeko kontratutako  txarangak eragindako gastuak, jotako musikaren egile-eskubideak ordaintzeko gastuak, diruz lagundutako jarduerak egiteko peñaren joan-etorrietan autobusak edo beste garraiobide kolektiboren bat erabiltzeak eragindako gastuak, peñaren pankarta egiteko gastuak, kalean jende ororentzat eta doan egiten diren haur-jarduerak edo bestelako emanaldiak kontratatzeko gastuak eta jarduera horien hedapenak eragindako gastuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!