Iruñeko Turismo bulegoak iaz baino %15 lagun gehiago jaso ditu

Euskalerria Irratia 2016ko irailaren 2a

Argazkia: Iruñeko Turismo bulegoa.

60.909 pertsona hartu ditu uztailean eta abuztuan: horietatik, %64 Espainiako estatukoak dira, %36 atzerriko gainontzeko herrialdeetakoak.

Hiru dira Iruñeak uda honetan izan duen bisitarien gorakada azaltzeko gakoak, udaleko ordezkariek azaldu dutenez: lehenik, eskaintza kulturala eta turistikoa Harresietako Jaialdian bateratu izana, "kalitatezko pakete erakargarri bakar batean"; bigarrenik, "beste eskaintza pribatu eta sektorialekin sortu diren sinergiak, Alde Zaharreko eta Zabalguneko ostalariek eta merkatariek martxan jarritakoak kas"u; eta azkenik, aldez aurretik existitzen ziren eskaintzak berritzea, "iruindarrak zein bisitariak erakartzen jarraitzen baitute".

Antolatutakoaren fruitua

Azken gako horren adibide dira abuztuan (eta irail hasierako zenbait egunetan) antolatu diren ardo- zein olio-dastatzeak eta bisita gidatuak hirian barna. Gaurko prentsaurrekoan emandako datuen arabera, egin diren 15 ardo-dastatzeetan 675 lagunek parte hartu dute –astelehen, astearte eta asteazkenetan egin dira, Descalzoseko igogailuaren eraikinean–. Olio-dastatzeetan, aldiz, 171k eman zuten izena –leku berean egin dira, ostegun eta ostiraletan–. Oraindik azken olio-dastatzeen datuak falta dira, ostiral honetan bertan egingo baita.

Bisita gidatuei dagokienez, udan hiru bisita mota eskaini dira: Iruña: historia harresien artean, Bidaia bastioien barnealdeetara eta Harresien zaindariak izeneko antzerki erako bisitak. Guztira, 2.322 lagunek parte hartu dute. Igandeetan egin diren antzerki erako bisitetako leku guztiak bete egin dira, aurreikusitako 35 lekuak gainditu eta guztira 146 lagunek eman dute izena; guztira, 855 lagunek egin dute Bidaia bastioien barnealdeetara, astelehenetik larunbatera; eta, azkenik, Iruña: historia harresien artean izeneko bisitan 1.321 lagunek parte hartu dute, hilabeteko ia egun guztietan, egun batzuetan bi saio ere egin direlarik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!