Iruñeko Udalak 7,2 milioi euroko aurrekontu-superabitarekin itxi zuen 2015a. Guztira, Udalak 193,3 milioi euroko gastuak egin zituen, eta 200,5 milioitik gorako diru-sarrerak izan zituen. Bi kopuru horiek hasierako aurrekontuko zifretatik oso goitik daude, aurrekontua 181 milioi euro ingurukoa baitzen.
Iruñeak aurrekontu luzatuekin hasi zuen 2015a, eta 30 milioi euro inguruko aldaketa egin behar izan zuen aurrekontuan hala diru-sarrerak nola gastuak benetako beharretara egokitzeko. Aurrekontuaren betetze-maila % 91,57koa izan zen gastuetan, tea % 94,98koa, diru-sarreretan.
Hala jasotzen da gaur bertan Kontuen Batzordean azaldutako 2015eko Kontu Orokorrean. Datuek adierazten dutenaren arabera, 2015ean 987 euro gastatu ziren biztanle bakoitzeko, 2014 baino 7 euro gehiago. Herritar bakoitzeko, 464 euro gastatu ziren ongizate komunitarioarekin loturiko gaietan (hirigintza, ingurumena, hezkuntza, kultura, kirola, etab.). Gai horiek osatzen dute gastu-bloke handiena, eta gastu guztien % 47 osatzen dute. Gastu horren atzetik dator gizarte-segurtasunean, -babesean eta -sustapenean egindakoa: 217 euro biztanle bakoitzeko (guztizkoaren % 22). Nabarmentzekoa da, baita ere, babes zibilean eta herritarren segurtasunean egindako gastua, guztizkoaren % 15,6.
Herritarren ikuspegitik, gastu gehienak transferentzia arrunten bidez finantzatu ziren (Hiriburutza Agiria, Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetako partaidetza eta bestelako ekarpenak): bide honetatik 495 euroko diru-sarrerak izan ziren biztanle bakoitzeko, guztizkoaren % 48,3. Diru-sarrera guztien % 28,78 udal-eskumeneko zergetatik etorri zen, eta horrek esan nahi du herritar bakoitzak, batez beste, 295 euro jarri zituela. Bestalde, tasa eta prezio publikoek, ondasunen salmentak eta ondareko diru-sarrerek 198 euro ekarri zituzten biztanleko.
2015eko kontuek Udalaren zor biziaren murrizketa izan dela erakusten dute berriz ere. Iaz, Iruñeak 8,1 milioi euroan murriztu zuen zorra, 93,9 milioi euroan utziz. 2014an bezala, ez zen mailegu berririk kontratatu, eta aurretik kontratatutakoak amortizatzen jarraitu zen.