“Gertatu dena denok sufritu dugu: Udalean, familietan, eragileen artean. Baina azkenean ikasturtea normaltasun osoz hasi da eskola guztietan, baita euskarazko lauak barne, beti bezala, abuztuaren erdialdean”. Hala mintzatu da Iruñeko Hezkuntzako Hezkuntza zinegotzi Maider Beloki Euskalerria Irratiaren mikrofonoen aitzinean.
Beraz, gaurtik aurrera lau udal haur eskola ariko dira euskaraz, aurreko ikasturtean baino bi gehiago. Belokiren arabera, “neurria akordio programatikoan zegoen, aldaketaren aldeko lau indarrek adostu genuen, eta egin duguna egin behar zen”.
Gogoratzekoa da euskarazko haur eskola publikoen eskaintza oraindik txikiagoa dela eskaera baino.
“Epaileen ebazpenak ez dira arazo izanen”
Belokik lasaitasun mezua zuzendu die familiei; izan ere, “behin-behineko neurriak bertan behera utzi eta gero, ez da arazorik izanen kurtsoa aurrera ateratzeko. Gerta daitekeen bakarra da helegitea aurkeztu duten gurasoei kalteordainak eman behar izatea”.
Erabaki judizialek ikasturtearen hasiera korapilatu dutela. Udalak 12 haur eskola kudeatzen ditu. Horietako bi besterik ez zen euskarazkoa joan den ikasturtera arte. Aldaketaren aginte taldeak beste bitan euskara ezartzea erabaki zuen, Printzearen Harresian eta Donibanen hain zuzen ere.
Haurrak gazteleraz eskolatzen segitu nahi zuen Donibaneko guraso talde batek erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu zuen. Eta epaileak behin-behineko neurri moduan bi haur eskolon hizkuntza eredu aldaketa bertan behera uztea ebatzi zuen. Horrek urduritasuna eragin zuen hezkuntza komunitateko eragile guztien artean. Baina Udalak helegitea aurkeztu zuen, eta ekainean epaileek behin-behineko neurriok bertan behera uztea ebatzi zuten.
1.025 plaza
Hamabi udal haur eskoletan 963 haurrek hasi dute gaur ikasturtea. Eskainitako plazak 1.025 dira. Okupazioa, beraz, %94koa. Plazak geratzen dira Hello Egunsenti, Haurtzari, Donibane, Rotxapea, Goiz Eder eta Hello Azpilagañan. Bigarren matrikulazio epea urtarrilaren 31ra arte izanen da zabalik.