Sanferminak 2016

Joseba Asiron: "Nazka ematen digute eraso sexistek; herritarrek ere hala salatu dute kalean"

Euskalerria Irratia 2016ko uzt. 12a, 13:31

Joseba Asiron Iruñeko alkatea izan da gaur Sanfermintza saioan: "Onartezinak dira erasoak. Salaketek ahalbidetu dute erasotzaileak atxilotzea. Iruindarren erantzuna kalean, erabatekoa izan da erasoen kontra".

"Eraso sexistekin nazkatuta gaude, halakoak onartezinak dira eta gurean ez dute kabidarik", esan du Joseba Asironek. "Iruñea hiri segurua da", hala aldarrikatu du alkateak. "Sanferminak ere seguruak dira, arazoa, gizartearena da. Bada, eragozten duen zerbait, eragozten duena emakumeak libreki kalera ateratzea". Horrekin amaitu beharra dagoela nabarmendu du, "nahikoa dela esan dute herritarrek". Jendeak kalean ozen esan du. "Orain gertatzen direnak lehen ere gertatzen ziren, orain baina, salatu egiten dira", azpimarratu du. "Emakumeen salaketei esker, erasotzaileak espetxean daude".

Hezkuntzan dago irtenbidea, hala uste du Iruñeko alkateak: "Errespetua zor diogu elkarri eta baloreetan hezten segitzeko beharra dago". Plataforma feministen lana ere goraipatu du Asironek, elkarlanak fruitu handiak eman dituela uste du: "Eurek erakusten digute erakundeek zein bide jorratu behar dugu berdintasuna xede izanda".

Zezenketara behin joan da Joseba Asiron Iruñeko alkatea aurten. Agenda bete lan izan du egunotan Sanfermintza saioan nabarmendu duenez. Txupinazoa ez du botako, baina, lau urteotan txupinazioa botako duenaren alboan izanen delako kontent dagoela esan du.

Egitarauetan aldaketa antzematen da

"Aurtengo egitarau herrikoiagoa da eta parte hartzaileagoa". Aldaketa handiena, sanferminak izan ziren horretara itzuli direla. Urte osoko lana izan da prestaketa. Sanferminetako mahaietan, herritarrekin eta eragileekin aritu gara lanean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!