Manifestazio bat grabatzeagatik 540 euroko isuna jarri diote Ahotsa.info-ko kazetari bati

Euskalerria Irratia 2016ko ekainaren 24a

PSN ustelkeria kasuekin lotzen zuen 2014ko elkarretaratzen baten "bultzatzaile edo antolatzaile" izatea leporatu diote, polizia txostenean kamera eskutan azaltzen bada ere.

Kazetari bat, kamera eskuetan, mobilizazio bat grabatzen. Hori da Ahotsa.info-ko Iñigo Orduñaren kontrako isunaren polizia txostenean agertzen den irudia. Bera da 2014ko argazki batean azaltzen dena, PSNren egoitza parean ustelkeriaren aurka antolatutako mobilizazio bat grabatzen. Lanean agertzea, baina, ez da nahikoa izan Poliziaren ekina baretzeko, eta protestaren "antolatzaile edo sustatzaile" izatea egotzi diote. 540 eurokoa da jarritako isuna.

Orduñak helegiteak aurkeztu dituen arren, salaketak bidea egin du, eta ordaindu beharko du ezarritakoa. Ahotsa.info-ren arabera, elkarretaratze berean pertsona gehiago zigortu zituzten.

Orain, diru bilketa abiatu dute, isunari aurre egiteko. Horrez gain, Mozal Legeari lotuta zigorra dela salatu dute: "jokoan dagoena adierazpen askatasuna da, prentsa askatasuna, herritarrek informatuta egoteko duten eskubidea".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!