Iruñeko hiri sarreretako kartelak, elebidun

Euskalerria Irratia 2016ko ekainaren 24a

Iruñeko Euskalgintzak "lorpena" izan dela nabarmendu du, aspaldiko eskaera izan baita.

Pamplona/Iruña izendapena ageri da hiriko sarreretako karteletan. 2014an Euskalgintzak abian jarri zuen kanpaina horixe bera eskatuz. Iragarri du, dagoeneko bi hizkuntzatan daudela eta “lorpena” izan dela.

2014an kanpaina egin zuen Euskalgintzak gaztelania hutsez zeuden kartelak alda zedin eskatzeko: “Hiriaren izaera euskalduna ezkutatzen zela iritzita, Euskararen Legeak ezarritakoa urratzeaz gain”.

Nafarroako Gobernuaren Erregistroan eskaera zuten Yolanda Barcina presidentea zelarik:”Isiltasunaren aurrean, Nafarroako Arartekoaren bulegoan kexa aurkeztu genuen”. Nafarroako Arartekoak arrazoia eman zion eskaerari: bi izen ofizialak jarri behar zituen Gobernuak.

2015eko martxoan aldatu zituen aurreikusitako 6 kartel. Ondoren, Gobernu aldaketa etorri zen. Gobernu berriari plangintza hori bukatzea egokitu zaio. Halaxe egin du: 2015eko urrian 4 kartel aldatu zituen eta 2016ko apirilean 3 kartel. Beraz, kanpaina “arrakastatsua” izan da, helburua lortu delako Euskalgintzaren esanez.

“UPNren Gobernuak euskararen aldeko neurri hori hartu bazuen espero dezagun aldaketaren Gobernua ere legegintzaldia amaitu baino lehen euskararen aldeko neurriak hartzeko gai izatea”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!